Bukelek bozetako garailetzat jo du bere burua

Presidenteak berak zabaldutako datuen arabera, botoen %85 lortuko ditu jarduneko estatuburuak. Horrez gain, El Salvadorreko legebiltzarreko 60 eserlekuetatik 58 izango lirateke Ideia Berriak alderdiarentzat.

Nayib Bukele jarduneko presidentea eta bere emazte Gabriela Rodriguez, goizaldean egindako agerraldian, San Salvadorren. RODRIGO SURA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2024ko otsailaren 5a
08:25
Entzun

Beste bost urte egingo ditu agintean Nayib Bukelek, El Salvadorko jarduneko presidenteak. Atzo egindako presidentetzarako hauteskundeetan botoen %31 zenbatuta horien %85 bildu dituela iragarri zuen estatuburuak berak goizaldean, eta gaineratu legebiltzarrean ere gehiengoa izango duela NI Ideia Berriak bere alderdiak, 60 eserlekuetatik 58 —iaz murriztu zuten diputatu kopurua; lehen 84 ziren—. Haren jarraitzaileek garaipena ospatu dute, nahiz eta emaitzak ez izan ofizialak. «Gaurko egunez, El Salvadorrek historiako demokrazia guztien markak apurtu ditu. Demokrazia dagoenetik proiektu bakar batek ere ez du lortu guk lortu dugun boto kopurua», aldarrikatu du Bukelek.

2019tik presidente dena —sei hilabeteko eszedentzia moduko bat hartu du, Justiziako Gorte Gorenaren baldintza betetzeko— berriro aurkezteak zalaparta sortu du, bai El Salvadorren, baita nazioartean ere. Horren ondorioz, AEE Amerikako Estatuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak behatzaileak bidali dituzte herrialde horretara, bozetan iruzurrik egongo ez dela gainbegiratzeko.

Bukeleren gobernuak maren aurka egindako borrokarengatik izan du oihartzuna nazioartean. Salbuespen egoera bat ezarri zuen horiei aurka egiteko, eta, hasi zenetik, maretako milaka kide atxilotu dituzte; esaterako, datu ofizialek diotenez, hilketa tasa %60 inguru txikitu zen 2022tik 2023ra: 495etik 194ra. Bukele borroka horretako erreferente bihurtu da inguruko herrialdeetan. Baina kritikak ere jaso ditu El Salvadorren bertan, gobernuz kanpoko erakunde askok oinarrizko giza eskubideak urratzea egotzi baitiote —herrialdea salbuespen egoeran dago 2022tik—.

Jarduneko estatuburuak ukatu egin ditu bere aurkako kritikak, eta adierazi du «lehen aldia» dela herrialdean «demokrazia» dagoela: «Ez dago diktadurarik eta herritarrak demokratikoki bozkatzen ari dira. Jendea zoriontsu da». Bide batez, bere aurkako kanpaina bultzatzea egotzi die gobernuz kanpoko erakundeei, «aginte liberalen menpe» egotea leporatuz.

Oposizioak onartu du porrota, baina zehaztu du hau ez dela «bidearen amaiera»

Nazioarteko agintarien babesa

Hauteskunde Batzordeak oraindik datu ofizialik eman ez duen arren, heldu dira nazioarteko agintarien lehen babesak. Guatemalako presidente Fernando Arevalo izan da Bukele zoriontzen lehenengoetarikoa. Haren esanetan, «salvadortarrek argi utzi dute euren borondatea». Jarraian heldu dira Txina eta Honduras ere; biek ala biek elkarlanerako deia egin diote El Salvadorko estatuburuari.

Garaipenaren ostean inork ez du zalantzan jarri Bukeleren hautagaitza bera, nahiz eta konstituzioak bi legealdi jarraian egitea debekatu. Hain zuzen ere, goizaldeko agerraldian, jarduneko estatuburuak berretsi du emaitzek argi uzten dutela herritarrek bere erabakiak «babesten» dituztela. Aldiz, oposizioko zenbait alderdik, tartean FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak, salatu dute «nahasiak» izan direla hauteskundeak, eta «indarkeria kasuak» ere izan direla oposizioaren aurka. «Instituzioak baliatu dituzte oposizioa ahuldu eta demokraziaren oinarrizko arauak urratzeko«, salatu du FMLNko kide Oscar Ortizek.

Hain zuzen ere, emaitzak bereziki mingarriak izan dira Bukele heldu artean agintean egon izan diren FMLN eta eskuineko Arena alderdientzat. Oposizioak egin zuen ahalegina bozetara aterki beraren pean aurkezteko, baina ez zen akordiorik izan, eta, orain, bi alderdi nagusiak boteretik erabat baztertuta geratu dira. Hala, Bukelek berak aurreratutako emaitzak berresten badituzte, erabateko gehiengoarekin agindu ahal izango du jarduneko presidenteak beste bost urtez.

Datorren legealdian, indarkeria nabarmen murriztuta, egoera ekonomikoa bere onera itzultzea izango da Ideia Berriak alderdiko buruzagiaren lehentasuna. Iazko datuen arabera, El Salvador izan zen BPG barne produktu gordinaren igoera txikiena izan zuen herrialdea, baina aurreikuspen baikorrak egin dituzte adituek aurtengo urterako. Bere programak babes nahikoa jasoz gero, Bukelek berak ez du baztertzen hirugarrenez aurkeztea presidentetzarako bozetara, ulertuta Konstituzioak ematen duela horretarako bidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.