Eskuin muturreko gobernuak eta politika gogorrak bezain bizkor zabaltzen ari da Bukeleren eredua Latinoamerikan. Pobreziarekin eta langabeziarekin batean, segurtasun falta da latinoamerikarren kezkabide nagusietako bat, eta El Salvadorko presidenteak, Nayib Bukelek, bere onerako baliatu du ezinegon hori, metodo argiro eztabaidagarriak erabiliz, baina hari segitu nahi diote hango herrialde askok.
Alderdi tradizionalek eragindako desilusioak aupatu du Bukele lider gisa. Batez ere bi alderdirekin dago halako desengainua: batetik, Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea (FMLN), garai batean gerrilla izana, eta bake akordioen bidez alderdi politiko bilakatua; bestetik, Arena alderdi eskuindarra. Luis Canizalez kazetaria Revista Elementos-en aritzen da lanean, eta zalantzan jarri du bide hori aipatzeko erabili ohi den izena: «Nik ez dut uste Bukeleren eredua deitzeko moduko ezer dagoenik: erregimen autoritarioen jardunbideak bai, halakoak badaude. Nayiben bereizgarria zera da, ederki erabiltzen dituela komunikazio munduko tresnak».
Latinoamerikako gobernu aurrerakoiek ez diote erantzun segurtasun faltari; punitibismoan erortzea arrunt erraza denez, aurrerakoiek ahal adina egin dute gai horri ez heltzeko. Hain da arazo larria, ordea, azkenean ezin izan zaio ez ikusiarena egin. Droga trafikoa handitu ahala, sare sendo bat hedatu da, eremu zabalak kontrolatzeraino, eta bere arauak inposatu ditu.
«Gerraren ondoren, 1992tik aurrera, banda asko agertu ziren; lehendik ere baziren, baina, denborarekin, gero eta hobeto antolatuz joan ziren», azaldu du Canizalezek. «Gobernuek hitzarmenak egin zituzten bandekin, baina FMLNren bigarren gobernuan, berriz, gerra piztu zen, eta ikaragarri okertu ziren krimen indizeak».
2015ean, Bukele San Salvadorko alkate izendatu zuten, artean FMLNko kide zelarik; 2017an, kanporatu egin zuten alderditik; 2018an, bere alderdia eratu zuten, eta 2019an, berriz, hauteskundeak irabazi zituen, aliantza batean aurkeztuta: 1989az geroztik lehenbiziko aldiz, gobernutik kanpo geratu ziren gerra zibila bukatu zenetik agintean egondako bi alderdiak, FMLN eta Arena. «2021ean, ordurako presidentea zelarik, ganbera legegilean gehiengoa bereganatu, eta kargutik kendu zituen fiskal nagusia eta Auzitegi Goreneko magistratuak, eta bere esku hartu zuen estatuko erakunde garrantzizko guztien kontrola», argitu du Canizalezek. Horretan zebilela, 2022ko martxoan, «ikusirik banda batek oldarraldi batean 80 lagun hil zituela asteburu batean, salbuespen erregimena ezarri zuen, eta gaizkile talde horiek desegitea lortu zuen».
Arrakasta izateko gakoa hauxe izan da, Canizalezen ustez: «Konturatu zen organo judiziala kontrolatu beharra zeukala». Nolanahi ere, erregimenak «bandekin zerikusirik ez zuten ehunka lagun ere atzeman ditu, eta kartzelan eduki ditu urtebete edo bi urte, inolako eskubiderik aitortu gabe; presondegi horietatik hilda atera denik ere bada. Horra hor Bukeleren eredua, arrakastatsua omen den hori: estatuko erakundeak legez kanpo kontrolatzea, horratx».
«Horra hor Bukeleren eredua, arrakastatsua omen den hori: estatuko erakundeak legez kanpo kontrolatzea, horratx»
LUIS CANIZALEZ Kazetaria
Danielek 32 urte ditu, eta ingeniaritza ikasten ari da Argentinan, La Platako Unibertsitate Nazionalean; segurtasun faltagatik alde egin zuen El Salvadortik, eta, haren ustez, «azken 40 urteetako gobernuen ustelkeria» da Bukeleren arrakastaren sorburua, «bai frogatutako ustelkeria, bai ustezkoa». «Izan ere, ustelkeriaren ondorioz, herritarrak bila hasi ziren, segurtasun falta konpondu eta marak desagerraraziko zituen lider bat aurkitu nahian. Gainera, azeria da publizitate kontuetan, eta badu esperientzia; horri esker, jendearen babesa bereganatu, eta botere ia absolutuak bildu zituen alderdiak Kongresurako hauteskundeak irabazi zituenean; hortxe hasi zen haren biderik ilunena, gaur egun diktadura biguntzat hartzen dena».
Badira bi urte martxan dagoela Terrorismoaren Arloko Konfinamendu Zentroa, El Salvadorko presorik arriskutsuenak dauden espetxea. Hantxe daude 700 urteko zigorra betetzen ari diren sikarioak, egunean 24 orduz argia piztuta, ohe gisa metalezko xafla batzuk dituztela, eta eskuekin jaten dutela, mahai tresnak arma gisa erabil ditzaketelakoan.
Hilketa kopuruak, behera
Egia da hilketak nabarmen urritu zirela Erdialdeko Amerikako herrialde horretan: 2015ean, 103 hilketa zeuden 100.000 biztanleko; 2023an, berriz, 2,4 ziren —kontinenteko kopururik apalena, Kanadakoaren atzetik—. Baina egia da, era berean, jaitsiera hori ez dela Bukeleren meritua izan. Beheraldirik handiena 2015ean gertatu zen, eta Bukeleren erregimenak jaitsieraren %15,3 baino ez zuen eragin. Hau da, oraingo presidentearen arrakastarik handiena kontakizun bat ondu izana da, lorpen hori bere-berea duela sinetsarazi izana.
«Herrialdeak hobera egin du alde askotatik begiratuta, eta uste dut jendeak berriz emango liokeela botoa, gehiegikeriak gehiegikeria»
DANIELArgentinan bizi den salvadortarra
«Bukele autokrata gisako bat da: botere guzti-guztia duenez, eta herritar askoren eta nazioarteko komunitatearen babesa ere bai, gehiegikeriak egiten ditu erakunde demokratikoen kontra», Danielen iritziz. «Herrialdeak hobera egin du alde askotatik begiratuta, eta uste dut jendeak berriz emango liokeela botoa, gehiegikeriak gehiegikeria. Nik neronek, emaitzak ikusita eta lehengoa sufritu eta gero, berriz emango nioke botoa. Korapilatsua da, badakit-eta gaizki egina legokeela, baina okerrago egon ginen, eta inork ez du halakorik nahi ostera».
Maiatzean egindako elkarrizketa batean, banda bateko kide Carlos Alberto Cartagena Lopezek, Charly-k, egiaztatu egin zuen ordura arteko susmo bat: banden buruek hitzartuta zeukatela Bukeleri babesa ematea 2015ean alkate izan zedin eta 2019an presidente. 2024an, berriz aukeratu zuten presidente, botoen %85 bilduta. 2024an bertan, Latinobarometroak adierazi zuen eskualdeko liderrik estimatuena zela, bigarren urtez jarraian.