Mundua

Buldozerraz lau lagun hil eta beste 50 zauritu ondoren, Poliziak erasotzailea hil du Jerusalemen

Buldozer batek lineako autobus baten kontra jo du Jerusalemen, eta ondorioz autobusa irauli, eta hiru lagun hil eta beste 50 bat zauritu dira. Ibilgailu gehiagoren kontra jo, eta gutxienez beste lagun bat hil du buldozerraren gidariak. Israelgo Poliziak gidaria tiroz hil du geroago. Galilea Askatzeko Brigadek beren gain hartu dute erasoa.

2008ko uztailaren 2a
16:33
Entzun
Jerusalemgo ekialdea eta mendebaldea lotzen dituen Jaffa Street kaleean buldozer batek lineako autobus batekin talka egin, eta hiru lagun hil eta beste 50 inguru zauritu ditu gaur eguerdian. Ondoren beste ibilgailu batzuen kontra eta oinezkoen atzetik aritu da buldozerra, lekukoen esanetan. Bere autoan zihoan emakumezko bat hil du. Gutxira Israelgo Poliziak gidaria tiroz hil du. Inguruan zebilen jendearengan izua piztu da.

Handik ordu batzuetara erasoa bere gain hartu du Ahrar al Jalil Brigadak (Galilea Askatzeko Brigadak) taldeak, eta Israelek "herri palestinarraren kontra etengabe egiten dituen erasoei eginiko erantzuna" dela azaldu du komunikatu batean. Talde horrek bere gain hartu zuen iragan martxoan gazte batek Jerusalemen ikasketa talmudikoko eskola batean eginiko erasoa; han zortzi ikasle judu hil zituen, polizia batek hura hil aurretik. Talde horrek Israelgo estatuan ekiten du, eta duela hilabete batzuk ustez Israelgo Mossad zerbitzu sekretuak Damaskon (Sirian) bonba-autoz hil zuen Imad Mugnie Hezbolako buruzagi militarraren izena erabiltzen du batzuetan bere komunikatuetan.

Galilea eskualdea Israelgo estatuaren barruan dago 1948an okupatu zuenetik, eta urteetan kolono juduak egokitu baditu ere, oraindik ere zenbait hiri (Nazareth kasu) eta eremuetan palestinarrak nagusi dira. Galilea Askatzeko Brigadek gaur arratsaldean jakinarazi dutenez, buldozerrarekin erasoa egin duena 30 urteko Ala Hashem Abu Dehem zen, Jerusalemdik hegoaldera dagoen Sur Baher herrixkakoa.

Taldeak Hamasekiko elkartasuna adierazi du, honek Israelekin su-etena hitzartu zuenetik hamahiru egunera. Menia soilik Hamasekin adostu zuen Tel Avivek, eta soilik Gaza eskualderako. Israelek joan den astean Jihad Islamikoko ekintzaile bat hil zuen Nabulusen, Zisjordanian, eta talde horrek Gazatik koheteak jaurtiz erantzun zion, baina biktimarik eragin gabe.

Haaretz egunkari israeldarrak zabaldu duenez, erasotzailea Jerusalemgo ekialdean bizi zen gizonezko palestinar bat zen. Tranbiaren proiektu polemikoa eraikitzeko obretan ari ziren eremu batetik atera, eta kontrako norabidean igo da hondeamakina Jaffa Streeten barrena. Iturri berari jarraiki, Israelgo pasaportea zuen palestinarrak, Palestinako historikoaren hiriburuko herritarrek bezalatsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.