Katalunia

Buruzagi independentista espetxeratuak bigarren graduan sailkatu ditu Generalitateak

Horrela, Kataluniako Gobernuak ontzat jo du espetxe zuzendaritzek egindako proposamena. Presoek espetxetik irteteko baimenak jaso ahalko dituzte Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua ezartzen bazaie.

ERCko Gabriel Rufian, Oriol Junquerasen argazki handi baten alboan. ANDREU DALMAU / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 9a
09:27
Entzun

Kataluniako Gobernuak bigarren graduan sailkatu ditu urriaren 1eko erreferendumarengatik espetxeratutako bederatzi buruzagi independentistak. Hartara, ontzat jo du espetxe zuzendaritzek egindako proposamena. Gradu sailkapena egiteko orduan, buruzagien espetxe zigorren luzera izan zen zuzendaritzek aintzat hartu zituzten faktore nagusietako bat. Generalitateak bere eskumenen artean du espetxeen kudeaketa, eta espetxeetako zuzendaritzen proposamenak onartu ohi ditu kasu gehienetan. Soilik kasuen %5etan baztertzen du horien irizpidea.

Hirugarren gradua eskuratuko ez badute ere, espetxetik irteteko baimenak lor ditzakete presoek bigarren graduan sailkatuta. Espetxe Araudiko 100.2 artikuluka baliatu dezakete horretarako. Artikulu horrek bide ematen dio presoari sailkatuta dagoen graduaren ondorengo mailari dagozkion zenbait onura jasotzeko, baldin eta espetxeko tratamendu batzordeak egoki ikusten badu. Buruzagi independentisten kasuan, hirugarren graduko zenbait onura jasotzeko aukera izango lukete: besteak beste, lan egin ahal izateko espetxetik irteteko baimena izatekoa, eta eskumuturreko telematiko baten bidez espetxera lo egitera joan behar ez izatekoa. Horretarako, baina, ezinbestekoa da aurretik gradu jakin batean sailkatuta egotea, eta baldintza hori bete da gaur Generalitatearen erabakiarekin.

Halako baimen bat jasotzekotan, erabakiari balekoa eman beharko lioke zaintza epaileak, baina neurria berehala sartuko litzateke indarrean, epaileak zer esaten duen itxaron beharrik gabe. Gainera, neurri horren kontra ezingo litzateke helegiterik aurkeztu Espainiako Auzitegi Gorenean. Aldiz, hirugarren graduan sailkatu izan balituzte, fiskaltzak aukera izango luke erabakia errekurritzeko: lehenengo, zaintza epailearen aurrean; gero, Auzitegi Gorenean.

Presoek izan beharreko graduen sailkapena ere eztabaidarako motibo izan da JxC eta ERCren artean. JxC hirugarren graduaren alde agertu da jendaurrean, eta ERCk Ester Capella Justizia kontseilariaren kontrako presio neurri gisa ulertu ditu adierazpen horiek —Capella ERCko kidea da—.

Sanchezen baimen eskaria, astearterako

Presoek 100.2 artikuluaren bidez jaso ditzaketen onurak bateragarriak dira gradu bakoitzari dagozkion ohiko abantailekin. Bigarren graduari dagokionez, zigorraren laurdena betetzea derrigorrezko baldintza da ohiko baimenak eskatu ahal izateko. Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak eta Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak asteartean beteko dute zigorraren laurdena. Sanchezek iragarri du egun horretan bertan espetxetik irteteko baimena eskatuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.