BUSHEK KARGUA HARTU DU

Bush: «AEBetako Gobernuaren xedea tirania bukatzea izango da»

Askatasuna eta giza eskubideak izan ditu hizpide agintariak bere bigarren agintaldiko lehen hitzaldian

arantxa elizegi egilegor
2005eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua hartu zuen atzo Washingtonen George Bushek. Bigarren agintaldiko lehen hitzaldian askatasuna eta segurtasuna izan zituen hizpide. «Zera esan nahi diet tiraniaren menpe eta itxaropenik gabe bizi direnei: AEBek ez dituzte zapalduak ahazten, ezta zapaltzaileak barkatzen ere. Askatasunen aldeko borroka hasten duzuenean, zuen ondoan egongo gara», esan zuen.

Kapitolioan hartu zuen kargua agintariak hango eguerdian 750.000 pertsona ingururen aurrean. Eskua Bibliaren gainean jarri eta «nire aldetik ahal dudan guztia egingo dut, AEBetako Konstituzioa babesteko, defendatzeko eta mantentzeko» esanez egin zion zin karguari. William Renhquist Epaitegi Goreneko presidentea arduratu zen ekitaldia zuzentzeaz. Bestalde, Dick Cheney presidenteordeak minutu batzuk lehenago egin zion zin karguari.Bi gradu inguruko tenperatura zegoen Kapitolioan, Bushek bigarren agintaldiko lehen hitzaldia eskaini zuenean. Afganistan eta Irakeko gerrak aipatu ez zituen arren, horiek piztutako mesfidantzaz aritu zen: «Askatasunaren alde egin duguna zalantzan jarri dute askok. Baina une honetan, lau urteren ostean, aurrerapauso handiak egin ditugu alor horretan. Ez da zalantzan egoteko garaia». Bide beretik jarraituz gero, askatasunek irabaziko dutela gaineratu zuen buruzagiak.

«Gerra heroiak»

Presidente errepublikanoak herrialdearen eta askatasunaren alde borrokatzeko prest agertu zirenak goraipatu zituen, lasai eta aske bizitzeko, «etsaien aurka» borrokatuko duen jendea beharrezkoa dela esanez: «Gure herria bakean bizi dadin, beste herrialdeek askatasunean bizi behar dute». Beraz, hurrengo lau urteetan, AEBen xedea «tirania amaitzea» izango zela iragarri zuen, azken finean, «estatubatuarrek beti babestu izan dituztelako demokraziaren aldeko mugimenduak».

Hala ere, estatubatuarren helburua ez dela euren kultura inposatzea nabarmendu zuen: «Nahi dutena erabakitzeko aukera izan dezatela nahi dugu. Askatasuna bilatzen dugu».Bushek adierazi zuenez, urteetan borroketatik urrun mantendu dira estatubatuarrak, beren burua babesteko. Gerora, baina, «bere ahultasunaz» ohartu ziren, dagoen modurik «lazgarrienean». Armak ez direla oinarrizkoak gaineratu zuen. Baina «beharrezkoa denean», beren buruak eta ingurukoak defendatzeko prest egon behar dute herritarrek: «AEBetako Gobernuak hainbat eginbehar hartu zituen bere gain. Horiek betetzea ez da erraza izango, baina bertan behera uztea ez da zuzena».«AEBen indarra ez da mugagabea, baina nahikoa handia da eta zapalduen mesedetan erabiliko dugu», nabarmendu zuen eta bere lehentasuna «herritarrak babestea» zela gogoratu zuen.«Gure adiskidetasuna lortu nahi izanez gero, lehenik beraien herritarrak errespetatu beharko dituzte», gaineratu zuen Bushek. Era berean, askatasunik gabe ez dagoela justiziarik eta giza askatasunik gabe ez dagoela giza eskubiderik gogorarazi zuen. Haren arabera, herrialde demokratikoak banatzea da «etsaien helburua».

Barne banaketa

Aurreko hauteskundeetan garbi geratu zen estatubatuarren arteko banaketa. Hori dela eta, Bushek herriaren batasuna lortzeko ahaleginak egingo zituela iragarri zuen atzo. Bestalde, banaketa hori bera argi geratu zen Senatuak Condoleezza Riceren kargua berresteko bozketa atzeratu zuenean. Senatuko Atzerri Gaietarako Batzordeak Rice Estatu idazkari gisa onartu zuen. Demokratek, ordea, bozketa atzeratzeko eskatu zuten, gaia Senatuaren osoko bilkuran eztabaidatu ahal izateko. Datorren asteartean egingo da eztabaida.

Bestalde, BBC komunikazio taldeak egindako inkesta baten arabera, Bushen bigarren agintaldiak mundua «arriskutsuago» egingo duela uste dute galdekatutakoen %47ek. 21 herrialdetako 21.953 lagun galdekatu zituzten. Horietatik hiru estatu soilik dira Bushen aldekoak: India, Polonia eta Filipinak. Aurkarien artean, berriz, Turkia dago lehen tokian.

-

SEGURTASUN NEURRIAK



 

Misil antiaereoak Etxe Zuriaren inguruetan





Irailaren 11ko atentatuez geroztik egin zen lehen kargu hartze ekitaldia izan zen atzokoa. Hortaz, «eraso terroristen» beldur ziren agintariak eta inoizko segurtasun neurririk handienak hartu zituzten. Washingtonen 6.000 polizia, 7.000 soldadu eta zerbitzu sekretuetako ehunka kide zeuden. Horretaz gain, baina, misil antiaereoak ere jarri zituzten Etxe Zuriaren inguruetan eta hegaldatzea galarazitako eremua hirukoiztu egin zuten. Hegazkin komertzialek igaro ahal izango dute AEB Ameriketako Estatu Batuetako hiriburutik, baina radar militarren bidez kontrolatu zituzten.

«Terrorismoaren aurkako neurri berezirik» ez hartzea erabaki zuen Segurtasun Nazionalerako Departamenduak joan zen astean. «Ez dugu kargu hartzearen kontrako inolako mehatxuren berririk jaso. Hala ere, orain arteko segurtasun neurririk zorrotzenak hartu ditugu», esan zuen Tom Ridge departamenduko kideak. Segurtasun indarrak edozein erasori aurre egiteko prest zeuden: ekintzaile suizidak, suteak edo arma kimiko nahiz biologikoekin egindako erasoak. Horretaz gain, Etxe Zuriaren inguruko hainbat auzo inguratu eta kaleak itxi egin zituen atzo Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.