Oraindik boto guztiak zenbatu gabe badaude ere, demokratek onartu dute ez dituztela hauteskundeak irabazi. Kerryk Bushi deitu egin dio, eta zorionak eman dizkio bere garaipenagaitik. Bushek eskerrak emanez erantzun dio, eta arerio "sendo eta ohoretsua" dela esan dio. Etxe Zuriko iturriek jakinarazi dutenez, "nazioa oso zatituta dago" esan dio Kerryk Bushi. Bushek hori onartu egin omen du, eta "zerbait" egin beharko dutela erantzun omen dio.
Oro har AEBak hartuta, Bushek herritarren boto gehiago jaso ditu Kerryk baino: 57.432.504 boto errepublikanoak (%51) eta 53.757.732 demokratak (%48).
Estatukako emaitzei dagokienez, orain arteko emaitzen arabera estatu bakarrean gertatu da kolore aldaketa: New Hampshiren. 2000an errepublikanoak izan ziren garaile eta oraingoan Kerryk eskuratuk ditu hango hautatzaileak.
AEBetan hautatzaileen batzarrak aukeratzen du presidentea; estatu bakoitzak hautatzaile kopuru jakin bat du, biztanleen araberakoa, eta 538 dira guztira. Beraz, presidente aukeratua izateko 270 behar dira. Orain arte 254 hautatzaile lortu ditu Bushek eta 252 Kerryk. Nolanahi ere, Ohio da estatu erabakigarria: izan ere, 20 hautatzaile daude jokoan estatu horretan, eta han irabazten duenak lortuko du presidente aukeratua izateko behar den kopurua. Dirudienez, hango garaipena errepublikarrena dela onartu dute bi aldeek.
Ohioko bozen %99 dago zenbatuta, eta kontaketa horren arabera, Bush da garaile (%51 Bushek eta %49 Kerryk). Dena dela, John Edwards lehendakariordetarako hautagai demokratak argi eta garbi utzi du estatu horretako "boto guzti-guztiak" zenbatu arte ez dutela garailerik onartuko. 250.000 bat boto posta bidezkoak dira Ohion, eta guztiak zenbatu arte ez dela behin betiko emaitzarik izango azaldu du Ken Blackwell Ohioko Estatu idazkariak. Hamaika eguneko epea dute kontaketa hori egiteko. Edwardsek esandakoa ez dela beteko dirudi ordea, orain. Izan ere, Kerryk Bushen garaipena onartuta pentsatzekoa da ez dutela botuak berriz zenbatzeko eskatuko.
"Inoizko presidenterik bozkatuena"
Card Etxe Zuriko kabinete buruak azpimarratu du Bush inoizko presidenterik bozkatuena izango dela. Izan ere, parte hartzea asko hazi da —115 milioi estatubatuarrek eman dute botoa—, eta Kerryri 3,5 milioi boz inguruko aldea aterako diola Bushek iritzi dio Cardek. Halaber, gutxienez 286 hautatzaile Bushen aldekoak izango direla ziurtzat jo du.
Alderdi Demokratako buruzagiei eta John Kerry hautagaiari "emaitzen inguruko gogoeta egin" eta Bushen garaipena onartzeko eskatu die kabinete buruak.
Iowa eta Mexiko Berria, zalantzan
Ohioko emaitzak ez ezik, Iowakoak eta Mexiko Berrikoak ere zalantzan daude oraindik. Izan ere, Iowako estatuan zenbaketa automatikoko makinak hondatu dira bi barruti txikitan, eta, ondorioz, bihar arte ez da erabateko emaitzarik izango. Nolanahi ere, %99a zenbatua daukate eta horren arabera Bush da garailea (%50 Bush, %49 Kerry).
Mexiko Berrian ere botoen %99 dago zenbatuta, eta proportzioa Iowakoaren berdin-berdina da. Iowako estatuari 7 hautatzaile dagozkio eta Mexiko Berriari 5. Beraz, horko garaipenak hautagaien garaipena indartu edo porrota leun dezake, baina benetan erabakiko duena Ohikoa da.
AEB-etako hauteskundeak