Bushek Irakeko egoeraren kontrola galdu duela esan du lehen ministroak

Gobernuak segurtasun plana jartzearen atarian, hainbat bonba-auto zartarazi dituzte Bagdaden

2007ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ameriketako Estatu Batuetako agintariek azkenaldian bere gobernuari egindako kritiken aurrean, erantzun bera baliatu du orain Nuri al Malikik. Irakeko lehen ministroak inoizko hitz gogorrenak baliatu ditu. George Bush presidenteak «egoeraren kontrola» galdu duela esan eta konpromiso falta leporatu zion: «Bushek, oro har, izaera irmoa du, baina barne presioak direla eta, eta komunikabideen eta politikoen eragina dela eta, amore ematen ari dela uste dut». Washington Post, The Times eta Corriere della Sera egunkarietan atzo argitara eman zen elkarrizketan, egungo egoeraren erantzukizuna leporatu zien AEBei: «AEBek azkarrago eta modu egokiagoan jardun balute, egoera ez litzatekeen egungoa bezain hitsa izango». Irakeko segurtasun indarren esku arma eta material egokia jarri ez izana leporatu zion, aldi berean, Washingtoni: «Azkarrago eta konpromiso gehiagorekin jokatu balira, nabarmen hildako gutxiago izango genituen zibil irakiarren zein soldadu estatubatuarren artean».

George Bush AEBetako presidenteak iragan astean iragarri zuen estrategiaren harira, egoerak «laster» hobera egin dezan espero du lehen ministroak: «Hiru eta sei hilabete arteko epean laguntza gutxiago beharko dugula uste dut, beti ere, gure indarrak sostengatzeko benetako ahalegin irmoa egiten bada».

Al Malikik bere kontrako «kanpaina mediatikoa» salatu zuen. Etxe Zuriaren kritikak ere ez ditu ongi jaso. Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariak Irakeko gobernuaren agintaldia «amaierako bidean» dela esan izana, esaterako, oso gaizki hartu du Al Malikik. «Niri iruditzen zaidana da, ostera, Washingtonen direla amaieratik hurbilen daudenak eta ez gu». AEBetan egin berri diren hauteskundeetan errepublikanoek izan duten porrota hizpide hartuta hauxe iritzi zion Al Malikik: «Bush presidentearen ahultasuna sekula ez dut horrenbeste nabaritu, zeren eta, egoera oso makalean utzi baitu orain dela bi hilabete izan ziren bozetan jasandako porrotak».

AEBek Irak «diktaduratik askatzeko» egindako ahaleginagatik, baina, ez diola inoiz eskerrak emateari utziko gaineratu zuen Al Malikik. Saddam Husseinen exekuzioa, haren biktimek ez zutela tratu bera jaso argudiatuz, justifikatu zuen.

Nazio Batuen Erakundeari berari ere kritikak bideratu zizkion lehen ministroak. Asteartean nazioarteko erakundeak argitara emandako hildako irakiarren inguruko txostena salatu zuen Al Malikik: «Datu hauek ez dira bat etortzen errealitatearekin, ez dira objektiboak eta bertako iturri ofizialez kanpokoak dira». Iraken iaz 34.452 zibilek bizia galdu zutela jakinarazi zuen NBEk. Irakeko Osasun Ministerioak, erietxeek eta gorputegiek emandako datuetan oinarrituta egin zuen txostena nazioarteko erakundeak.



LEHERKETA OLDEA BAGDADEN. Bagdaden, bestetik, sei bonba-autok eztanda egin zuten atzo. Orotara hogei lagun hil eta beste 54 zauritu ziren, gutxienez. Al Dura auzuneko azoka batean bakarrik hiru bonba-auto zartarazi zituzten hamar minutuko aldearekin -hamar lagun hil ziren-. Irakeko gobernuak duela hainbat aste iragarri zuen segurtasun plana aurki indarrean jarriko dela esan zuen Al Malikik: «Bagdaden tentsio handia dauden auzoetan ezarritako da plana eta irmoki egingo diegu aurre heriotzaren eskuadroiei». Azken hilabeteotan dozenaka mila lagunek, sunitak eta xiitak, ihes egin behar izan dute euren etxeetatik erasoak direla medio. Tigris ibaia, neurri batean, bi taldeen arteko banaketaren isla bihurtu da: sunitak mendebaldean eta xiitak ekialdean.

Bushen estrategiaren harira -21.500 soldadu gehiago bidaliko ditu Irakera-, bestetik, bi hautetsi demokratak eta errepublikano batek mozioa aurkeztu dute Senatuan -aurki eztabaidatuko dute auzia bertan-. Carl Levin eta Joseph Biden demokratek eta Charles Hagel errepublikanoak aurkeztutako testuak dio plana «interes nazionalen kontrakoa» dela. Segurtasunaren erantzukizuna «laster» irakiarren esku ezarri beharko litzatekeela iritzi diote senatariek. Tony Snow Etxe Zuriko eledunak, alta, presidenteak iragarritakoegitasmoak aldatzea baztertu zuen.



AEBek Kurdistanen atxilotutako irandarrak askatzeko bidean

Hil honen 11n AEBetako armadak Iraken menpeko Kurdistango Irbil hirian bahitu zituen bost irandarrak laster aske utziko dituzten ustea azaldu zuen atzo Bagdaden Teherango diplomazia buru Hassam Kazemik. «Hoshiar Zebarik [Irakeko Atzerri ministroa ] esan dit baikor zela etalaster askatuko dituztela». Bahiketa gogor gaitzetsi zuen, eta legezko lanean ziharduten diplomazialariak direla nabarmendu.

AEBek azaldu zuten atxilotutako bost irandarrak Irakeko talde armatu xiitei armak hornitzeaz susmagarri zirela, baina Kazemik zera iharduki zuen: «Ager diezagutela, Iran Irakeko egoera kolokan jartzeko ahaleginetan ari dela dioen froga bakar bat». Halaber, Bagdadi laguntzeko prest agertu zen: «Ekintza terroristei aurre egiteko, Irakeko segurtasun indarrak trebatzen laguntzeko eta materialez hornitzeko prest dago Iran».





Zenbakia

400

Mahdiren Armadari oldar egitea. Irakeko segurtasun indarrek Moktada al Sadr imam xiitaren manupeko Mahdiren Armadako 400 miliziano atxilotu dituzte azken asteotan. Suniten hilketetan parte hartzea leporatzen diote talde honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.