Rafael Ramirez Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeko presidenteak eman du heriotzaren berri, eta minutu bateko isilunea egin dute haren omenez Segurtasun Batzordearen bileran. Egipton jaio zen 1922an, eta Kairoko erietxe batera eraman zuten joan den astean.
Javier Perez de Cuellar ordezkatu zuen Galik NBEko buruzagitzan, eta Kofi Annanek bete zuen 1996tik aurrera Galiren postua. Ruanda, Somalia eta Jugoslaviako gatazkek baldintzatu zuten haren agintaritza.
NBEko idazkaritza nagusira heldu zen aurreneko diplomazialari afrikarra izan zen, eta kritika ugari jaso zituen aipatutako gatazka horiei NBEk erantzuna emateko gaitasun ezagatik. Karguan 2001ra arte jarraitzeko proposatu zuten Gali, baina Ameriketako Estatu Batuek haren hautagaitzari betoa ezarri zioten.
Egiptoko Atzerri ministroorde izan zen NBEn jardun aurretik.