KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK

C's - ERC lehia inkestetan

Gaur da azken eguna datorren osteguneko bozei begirako inkestak argitaratzeko.

Hautagaiak, TVEn eginiko eztabaida batean. QUIQUE GARCIA / EFE
jon olano
2017ko abenduaren 15a
13:05
Entzun

Kataluniako eta Espainiako hedabide ugarik argitaratu dituzte boto asmoei buruzko inkestak, eta, oro har, ERC eta C's jotzen dituzte garailetzat.

Esaterako, C's izango da irabazle El Mundo-k eta ABC-k argitaratutakoen arabera. Hala ere, lehenengoan, soilik boto portzentajean irabaziko luke C's-ek (%22'8, 31-33 diputatu), ERCk, %22,5 botorekin, 34 parlamentari lortuko lituzkeelako. Hauteskunde barrutien ordezkari banaketak ahalbidetuko luke hori. ABC-renak, ordea, bototan eta diputatutan ematen dio gehiengoa Ines Arrimadas buru duen zerrendari: %23,2 boto eta 31-32 diputatu lituzke.

La Razon eta El Periodico egunkariek, ordea, ERC jotzen dute irabazle. Espainiako kazetak zabaldutako datuen arabera, Oriol Junqueras buru duen hautagaitzak 34 parlamentari izango lituzke, eta %22,4 boto. Ciutadansek 31 eserleku eta %21,8 boto jasoko lituzke. Zentro-ezker independentistari 34-35 ordezkari eta botoen %22 eman dizkio El Periodico-k, eta 27-28 diputatu C's-i (%21,2). Junts Per Catalunya hirugarren indarra litzateke, botoen %17,9 eta 26-27 diputatu erdietsita, eta laugarren PSC, (%16,9, 23-24 ordezkari).

Hori horrela, alderdi guztiak leudeke gehiengo absolututik (68 ordezkaritik) urrun. Blokeka, inkestek ez dute argitzen independentismoak gehiengo absolutua lor dezakeen. El Periodico eta El Mundo-ren arabera, ERC, JPC eta CUPen baturak 66-69 edo 66-69 ordezkari lor ditzake. ABCren ikesta argiagoa da, eta gehiengo absolutuaren azpitik kokatu du independentismoa (64-67).

Hori horrela, Catalunya En Comu Podemek izan dezake abenduaren 22tik aurrerako akordioen giltza; 8-11 ordezkari artean izan ditzake, inkesten arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.