Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak “gehiengo nabarmena” espero du Eskoziaren independentziaren alde datorren ostegunean egingo duten erreferendumean, nahiz eta gogorarazi duen boto baten aldea nahikoa izango dela emaitza baiezkora edo ezezkora eramateko. Hala ere, ezezkoak irabazita beste erreferendum batera ez duela deituko esan du Salmondek, uste baitu bozketa hori "belaunaldi bakoitzean behin" egin beharrekoa dela.
Ez dago batere argi independentismoa edo unionismoa nagusituko den, inkestek oso emaitza kontrajarriak azaleratzen baitituzte egunetik egunera. Igandean ICM iritzi institutuak eginiko inkestaren arabera, zalantzatiak alde batera utzita, %54 dira independentziaren aldekoak. Erreferendumera begira eginiko inkesta guztien artean, azken hori da Eskozia independentearen aldekoei emaitza onena eman diena.
Inkestak inkesta, kanpaina betean dihardute Yes Scotland eta Better Together kanpainakoek. Jaialdi bat egin dute baietzaren aldekoek bart, eta Franz Ferdinand abeslaria izan da protagonistetako bat. Gainera, protesta egin dute BBCren aurrean; telebista kate horrek zabaldu zuen Royal Bank of Scotland bankuak egoitza Ingalaterrara eramateko asmoa duela baiezkoak irabaziz gero, eta unionismoaren aldeko kanpaina egitea egotzi diote BBCri.
Franz Ferdinand say Yes! #VoteYes#indyrefpic.twitter.com/B1r8djdToU
— Yes Scotland (@YesScotland) September 14, 2014
Iragan astean neutraltasuna agertu nahi izan zuen Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak, baina Eskoziako independentzia erreferendumaz jardun du igandean. Eskoziarrei ohartarazi die “sakon” hausnar dezatela zer bozkatuko duten hilaren 18an.