Erresuma Batuko herritarrek brexit-a onartu ostean sortu den egoera aztertzeko bilera berezia egin dute EBko estatuburu eta gobernuburuak, Bruselan. Legebiltzarrean bilera egin dute Erresuma Batuari eskatzeko "lehenbailehen" abia dezala EBtik ateratzeko prozedura. Han, hitza hartu du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, eta legebiltzarkideei jakinarazi die erakundearen ordezkari eta buruzagiei debekatu egin diela Erresuma Batuarekin negoziatzea, harik eta hark ofizialki EBtik ateratzeko prozesua abiatzen duen arte: "Jakinarazpen ofizialik gabe ez dago negoziaziorik", esan du. Ofizialak ez ezik, ixilpeko elkarrizketak izatea ere debekatu die.
Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek, bere aldetik, nabarmendu du nahiko lukeela Londresen eta Bruselaren arteko harremana "ahalik eta estuena" izatea, batez ere merkataritza, elkarlana eta segurtasun alorrean: "Europako Batasuna utzi arren, ezin diogu Europari bizkarra eman". Cameronek gogorarazi du Batasuneko herrialdeak "lagun, auzoko, bizilagun eta bazkideak" direla, eta hala jarraitzea nahiko lukeela.
Europako Batasunak elkartuta jarrai dezan eginahalak eta bi egingo dituela esan du Batzordeko presidenteak: "Oinarrizkoa aldatu beharrik ez dago; bake eta etorkizunerako proiektua". Triste dagoela aitortu du, Erresuma Batua beti EBn egotea gustatuko litzaiokeelako.
Bilera hasi aurretik Junckerrek kargu hartu dio Nigel Farage UKIPeko legebiltzarkide britainiarrari: "Zuk EBtik ateratzearen alde egin zenuen. Zer egiten duzu hemen?".
Farage, baina, ez da kikildu, eta honela esan du hitza hartu duenean: "Zuek hain triste eta haserre egoteko arrazoia zera da: zuen proiektuak porrot egin duela". Uhuka hartu dute legebiltzarkideek. Hala ere, bere eskaerak egin ditu Faragek. Negoziazio "heldua" egitea galdegin die, "muga zergarik gabeko akordioa" lortzeko.
Itun berriekin, EB erreformatzeko nahia
Erresuma Batua bertatik aterako dela jakinda EB berritu egin behar dela uste du legebiltzarreko gehiengoak, eta horixe eskatzen duen testu bat onartu dute. Nazioarteko hitzarmenak berritzea eskatzen du horrek, beraien irudiko. Bide orri bat prestatzea eskatu dute, eta haren amaieran nazioarteko itunak berritzea. "EBren muina indartu beharra dago, eta nahierako konponbideak saihestu behar dira".
Talde popularrak, sozialistak, liberalek eta berdeek proposatutako testua da onartutakoa; 395 aldeko boto jaso ditu, 200 kontrako eta 71 abstentzio. EBtik kanporatzeko prozesua "berehala" abian jartzeko ere eskatu diote Erresuma Batuari, testuan.