Cameronek "keinu bat" eskatu zion erreginari Eskoziako galdeketan

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren iritziz, Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren aitorpenak adierazten du zer "izua" sentitzen zuen.

Cameron (ezkerrean) eta Salmond, 2013ko uztailean Wimbledongo gizonezkoen finalean. ANJA NIEDRINGHAUS / EFE
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 19a
18:58
Entzun

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro zenak (2010-2016) "izua" sentitu zuen duela bost urte pasa, inkesta batek adierazi zuenean Eskoziako independentzia erreferenduma sezesionistek irabaziko zutela. Beraz, hori eragozteko, "aldea egingo zuen keinu txiki bat" egiteko eskatu zion Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginari. BBC Erresuma Batuko komunikazio erakunde publikoan aitortu zuen, herenegun gauean, Downing Streeteko 10. zenbakian igaro zuen denborari buruzko dokumental batean.

Buckingham jauregiarekin jarri da harremanetan BBC, eta Erresuma Batuko errege-erreginen bizileku ofizialeko iturri batek azpimarratu du Cameronen aitorpenak ez duela "inorentzako interesik". Hori bai, "apur bat atsekabetuta" daude jauregian.

Modu nabarian izan ez baldin bazen ere, erreginak lagundu zion Cameroni. Erreferenduma 2014ko irailaren 18an egin zuten, eta, azkenean, Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko hautua gailendu zen: %55-%45. Kontua da aste batzuk lehenago, Aberdeenshiren, Eskozia ipar-ekialdean, Elizabeth II.ak erreferendumaz bi hitz egin zituela hangotar batekin, eta adierazi ziola jendeak "etorkizunari buruz kontu handiz" pentsatu beharra zeukala. Hedabideek hitz hori jaso zituzten, eta Eskoziaren independentziaren aldekoei iruditu zitzaien erregina eskatzen ari zitzaiela eskoziarrei ezetz bozka zezatela. Buckingham jauregiak segituan erreakzionatu zuen, eta nabarmendu erreginak ez zuela galdeketaren emaitzan eragin nahi.

Erreginak Aberdeenshiren esandakoei buruz galdetzen diote Cameroni dokumentalean, eta, lehen ministro ohiaren ustez,  hitzak "mugatuak" izan ziren arren, lagundu zuten herritarrek "gauzen pertzeptzio apur bat diferentea" izan zezaten.

Alex Salmond zen sasoi hartan Eskoziako lehen ministroa —erreferendumaren emaitza zela-eta eman zuen dimisioa—, eta komunikatu batean adierazi du Cameronen ekintzak ez zirela  "zuzenak" izan, eta adierazten dutela zeinen "desesperatuta" zeuden ezezkoaren aldekoak kanpainaren bukaeran.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.