Aurora ontzia duela 13 egun atera zen Southamptondik (Ingalaterra), eta 17 egunetako itsas bidaia egitekoa zen Mediterranioan. 1.800 bidaiari eta 840 eskifaiako kide zeramatzan. Horietatik 500 baino gehiagori erasan zion birusak, eta iragan ostiralean, Greziara iristean, ez zieten lehorreratzen utzi. Lehenago, Dubrovniken (Kroazia) eta Venezian (Italia) kaira sartzeko debekua jasoa zuen. Atzo Gibraltarrera iristerakoan horietatik 11 soilik zeuden gaixo, baina ez zieten portura jaisten utzi, ezta gaixorik egon zirenei ere. Medikuak ontzia eta bertan zirenak aztertu ondoren, ondo zeudenei lehorreratzeko baimena eman zieten. Ontzia 12 orduz bertan izan ondoren, iluntzean Southampton aldera abiatu zen.Peter Caruanak «gehiegizko eta neurriz kanpoko» iritzi zion Espainiak muga itxi izanari, eta «lehenbailehen irekitzeko» esperantza agertu zuen. «Justifikaezina da Espainiako Gobernuak zirkulazio librerako eskubidea galaraztea», adierazi zuen, Madrili Gibraltarko agintariei birusaren eta gaixoen gaineko informazioa «berandu» eskatu izana leporatzeaz gain.Gibraltarko lehen ministroaren ahotan, muga ixteko erabakia osasun arrazoiengatik ez, «arrazoi politikoengatik» hartu zuen Madrilek. «Gehiegizko erreakzioa izan da». Haren ustetan, Londresek erabaki zuen ezin zituela utzi Aurora-ko bidaiariak Mediterranioan hara eta hona, debekuak aurkitzen, «errefuxiatuak bezala» nabigatzen.Ildo beretik, Jack Strawk «neurriz kanpokotzat» jo zuen Madrilen erabakia. Londresko ministroak jakinarazi zuen Gibraltarko agintariek lehorreratu ziren bidaiariei pasaportea erretiratu ziela, eta, hortaz, ezingo zutela mugako kontrola gainditu eta Espainian kutsadurarik eragin. Era berean, nabarmendu zuen ontzia Gibraltarrera ailegatu aurretik Espainiako agintariekin harremanetan izan zirela.
Sindikatuen kexak
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, atzo jakinarazi zuen lehenbailehen saiatuko zela muga irekitzen. Osasun eta Kontsumo ministro Ana Pastorrek azaldu zuenez, bart iluntzerako espero zuten datu kliniko epidemiologiko guztiak egiaztatzea eta arrisku eza baieztatzea. Berak eta Atzerri ministro Ana Palaciok adierazi zutenez, muga ixteko erabakia Erresuma Batuari eskatutako informazio zehatza ez jasotzean hartu zuen Madrilek. Palaciok erantsi zuenez, larunbatean jakin zuen litekeena zela Aurora Gibraltarren ainguratzea; «Atzo [herenegun] goizean Londresi informazioa eskatu genion, baina gaurko [atzoko] eguerdia arte ez dugu hori formalki jaso». «Hurrengo goizetik, eta kontuan izaki Veneziako eta Dubrovnikeko portuetako agintariek lehorreratzeari jarritako debekua, eta Pireon [Grezia] eskala egitekoa, Espainiako Gobernua Londresko agintariekin harremanetan sartu zen».
Espainiako zein Gibraltarko sindikatuek adierazi zutenez, muga ixtea «akats bat» izan zen Espainiako agintarien aldetik. Biak ala biak bi aldeetako langileei eragindako kalteez kexatu ziren, eta herritarren arteko harremanetan «mesfidantza» sor dezakeela gaineratu zuten.Espainiak Gibraltar eta La Linea hirien arteko muga ixteko erabakiarekin ia 500 langile geratu ziren beren lantokietara joan ezinik.Espainiak muga azken aldiz 1988an itxi zuen, gero faltsua zela aurkitu zuten bonba auto baten oharraren aitzakiaz.
-
Datua
Norwalk, kutsatzeko erraza den birusa, itsas bidaiei lotua
Espainiako Gastroenterologia Kongresuko presidente Javier Perez Piquerasen esanetan, Norwalk birusa erraz kutsatzen da, baina ez da larria. «Ez da hilgarria, baina kardiopatiak nahiz immunodepresioak jotakoengan eta pertsona ahulengan beherako sinple batek ondorio larriak izan ditzake osasunerako». Birusa izen bereko Ohioko (AEB) hirian agertu zen lehen aldiz, duela 30 urte. Osasunaren Munduko Erakundeak iaz ohartarazi zuen itsas bidaietan izurriteak hazi daitezkeela neurriak hartu ezean. birusak gastroenteritisa eragiten du 24 orduz.