HERRIALDE KATALANAK

Castelloko aterpe batean hildako 18 pertsonei azken agurra eman diete

Todolella herriko aterpe batera lagun baten urtebetetzea ospatzera joan eta lo zeudela hil ziren, larunbat gauean, karbono monoxidoa arnastuta

Erredakzioa
2005eko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Hemezortzi pertsona hil ziren larunbat gauean Todolella herritik lau kilometrora dagoen aterpe batean, Castellon. Karbono monoxidoa arnastuta hil ziren. Orotara hogei pertsonak egin zuten lo aterpean, baina haietako bi beste gela batean zeuden. Bartolome Meseguerrek, bere 50. urteurrena ospatzeko, lagunak bildu zituen asteburuan aterpean. Orotara berrogeita hamar pertsona elkartu ziren larunbat gauean aterpean, baina afaldu ostean gehienak etxera joan ziren. Aterpean hogei pertsona gelditu ziren hamaika gizon eta zazpi emakume. Guztiak lo zeudela hil ziren. 18 eta 50 urte bitartean zituzten.

Hildakoen aldeko hileta elizkizunak atzo egin zituzten, Morella herrian. Valentziako Generalitateak dolu eguna izendatu zuen atzokoa. Ondoren, jaioterrietan lurperatu zituzten hildakoak.Gas isuria larunbat gauean izan zen. Berogailuko erregailua apurtuta zegoen eta errekuntza oker egiten zuen. Ondorioz, karbono monoxidoa isuri zen pixkanaka-pixkanaka aterpearen gela nagusian. Heriotza gozoa deitzen diote karbono monoxidoa arnasteak eragiten duen heriotzari; izan ere, azkarra da eta ohartu gabe izaten da. Hildako guztiak lotan zeuden. Hartara, ez ziren isuriaz ohartu eta lo zeudela hil ziren.Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkari Antoni Bernabek eman zuen istripuaren arrazoiaren berri. Azken egunetan izandako elurteek berogailuak apurtzea eragin zutela jakinarazi zuen. Hemezortzi pertsonen gorpuak herenegun aurkitu zituen aterpeko arduradunak, arratsaldeko lauretan. Arduraduna giltzak jasotzera joan zenean ohartu zen pertsona guztiak, bi salbu, hilda zeudela. Bartolome Meseguer eta haren neska-laguna ondoko gela txikiago batean zeuden lotan.Todolella herriko alkate Alfredo Querolek, aldiz, jaiaren antolatzaileak gertatutakoaren berri eman ziela jakinarazi zuen atzo. Esnatu eta lagun guztiak hilda zeudela ohartu ondoren aterpeko arduradunari deitu ziola adierazi zuen alkateak.Hildakoen artean urtebetetze jaian musika jotzera joan ziren Pepeyote taldeko bost kideak zeuden.San Cristobal aterpea Todolellako Udalarena da. Herritik lau kilometrotara dago, mendian gora, Saranyana izeneko uda-lerrian. Erakina XV. mendekoa da eta aterpe gisa erabiltze-ko eraberritu zuten. Inguru-koentzat oso leku ezaguna da eta maiatzean erromeria egiten dute inguruko herrietako herritarrek. Todolella Caste-llo hiriburutik iparraldera dago, ehun kilometrotara. Orotara 140 pertsona bizi dira herrian.

Egun tragikoa

Valentziako presidente Francisco Campsek herrialde osorako egun tragikoa zela esan zuen herenegun istripuaren berri izan zuenean: «Tragedia izugarria da eta inoiz ez dugu ahaztuko. Datozen egunak gogorrak izango dira guztiontzat, eta gure bihotzek ziztadak jasoko dituzte senideen adierazpenak entzutean». Herrian eta inguruko herrietan dolu eguna izendatu zuten.

Vinaros herriko epaileak aterpea zigilatu eta sumarioa sekretuan jarri zuen atzo. Epaileak zortzi orduz aritu ziren lanean akta idatzi aurretik. Ondoren, gorpuak hilobiratzeko baimena eman zuten.Senideak gorpuak identifikatu ondoren, atzo egin ziren hileta elizkizunak, Morella herrian. Espainiako presidenteorde Maria Teresa Lopez de la Vega, Administrazio Publikoetako ministro Jordi Sevilla, PP Alderdi Popularreko idazkari Angel Acebes eta Eduardo Zaplana bozeramaileak izan ziren hiletan, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.