Cavaco Silvak gehiengo absolutua lor dezake gaur, presidentetzarako bozetan

Botoa erabakitzeke dutenen esku dago bigarren itzulia egitea

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Anibal Cavaco Silva lehen ministro ohi eta hautagai kontserbadoreak eskura dezake presidentetza gaur egingo diren bozetan. Inkesta guztiek garaipena ematen diote eta, azken zundaketen arabera, gehiengo absolutua ere lor dezake. Botoa erabaki gabe duten herritarren eskuetan dago, dena den, hautagai kontserbadoreak jasoko duen sostengu maila. Bat eta bi milioi artean dira boza nori eman argi ez duten pertsonak boto-emaileen %23. Bigarren itzulia egingo den edo ez, beraz, euren eskuetan dago.

Orotara 8,9 milioi pertsonak izango dute gaur presidentetzarako hauteskundeetan bozkatzeko aukera. Sei hautagairen artean erabaki beharko dute. Cavaco Silva lehen ministro ohiaren aurkarietako bat, ildo horretan, agintean izan den politikari historiko bat izango da: Mario Soares. Presidente ohi sozialistak ez du galdu agintea berriz eskuratzeko itxaropena: «Zientifikoki dena da posible; izan ere, milioi bat pertsonak boza erabakitzeke dute eta abstentzioak eskuinari eta ez ezkerrari egingo dio mesede». PS Alderdi Sozialistako sortzailea eta diktadura ondorengo bigarren presidentea izan zen Mario Soares. Bi agintaldiz egon zen boterean.Cavaco Silvari aurre egin diezaioketen gainerako lehiakideak ere ezkerrekoak dira: Francisco Lousa, Jeronimo de Sousa komunista, Antonio Garcia Pereira abokatua eta Manuel Alegre sozialista.

Bi hautagai sozialista

Manuel Alegre sozialista independente gisa aurkeztu da gaurko bozetara, bere alderdiak sostengua kendu ondoren. Mario Soaresi baino boto gehiago ematen diote inkestek Alegreri. Iragarpen guztien kontra, bera izan da kanpainaren ezusteko nagusia.

Alegre bere aurretik geldituko balitz, ibilbide politikoa amaitzeko modu iluna izango litzateke Soaresentzat (82 urte ditu). PS Alderdi Sozialistak poetari kendu eta buruzagi historikoari eman zion sostengua. Jose Socrates lehen ministro sozialistaren sostengu maila, ildo horretan, murriztu egingo litzateke bozetan hautagai independentea nagusituko balitz. Kasu horretan alderdiak ezohiko kongresu bat egin beharko luke. Alegrek bigarren itzulira pasatzeko aukerak ditu. Soaresek ere bai. Gainontzeko hiru hautagaiek, berriz, ez dutela bozen %15 baino gehiago eskuratuko diote inkestek.Kanpaina politikoa herenegun gauean amaitu zen. Cavaco Silva sozialdemokratak herrialdea egungo egoeratik ateratzeko konpromisoa hartu eta «itxaropen garai baten aurrean» zeudela adierazi zuen, Lisboan: «Ametsak errealitate bilaka daitezke». Soaresek, berriz, sozialistei botoa emateko eskatu zuen, kontserbadoreei aurre egin ahal izateko. Sozialdemokratek agintea eskuratuko balute, herrialdearen egonkortasuna arriskuan geldituko litzatekeela adierazi zuen Oporton. Alegrek ere eskuinari aurre egiteko deia egin zuen, Lisboan. Portugalgo laugarren presidentea aukeratuko dute gaurko hauteskundeetan. Jorge Sampaio egungo presidenteak datorren martxoaren 9an utziko du agintea. Anibal Cavaco Silvarekin lehiatu eta garaile atera zen egungo Sampaio 1996. urtean. Bost urte geroago, bozak irabazi zituen berriz. Mario Soaresek aurretik bi agintaldi bete ondoren iritsi zen presidentetzara Sampaio. Diktadura ondorengo aurreneko presidentea Antonio Ramalho Eanes izan zen.Gaurko deialdiarekin urte bakar batean hiru hauteskunde egin dituzte Portugalen. Legebiltzarrerako bozak egin zituzten otsailean eta udazkenean, berriz, udal hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.