Chavez: «Bolivia lehertzear dago, inperioak hala nahi duelako»

Bolivia zatikatzeko azpijokoa dagoela salatu dute 200 intelektual ezkertiar inguruk

2008ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak hala deituta, ALBA Amerikako Herrialdeentzat Aukera Bolivartarrak premiazko bilera egin zuen atzo, Boliviako «demokraziari kanpotik» sostengua emateko zer egin erabakitzeko. «Bolivia lehertzear dago, inperioak hala nahi duelako». Chavezek gogor egin du Boliviako Gobernuari aurre egiten diotenen aurka: «Badira bi urte eskuin muturra gorrotoa zabaltzeko ahaleginetan dabilela». Horregatik, Venezuela, Kolonbia, Nikaragua eta Kubako agintariek Evo Morales presidenteak bultzatutako prozesuari «elkartasuna» agertzeko deklarazioa sinatu dute, eta «ezegonkortasunerako» proiektuak gaitzetsi dituzte.

«Ameriketako Estatu Batuek esku-hartze argia eta lotsagabea izan dute, oposizioa eta gure aurkako erasoak sostengatuz», salatu du Moralesek, herrialdeko hainbat eskualdek Bolivia zatitu eta proiektu autonomistak bultzatzeko AEBen laguntza izan dutela salatzeko. «Santa Cruzek nahi duena ez da autonomia, Evo Morales irauli baizik». MAS Sozialismorantz Mugimenduak, Moralesen alderdiak, agintea eskuratu zuenetik, Boliviako ekialdeko lau eskualdek autonomia handiagoa aldarrikatu dute. Hori lortzeko erreferendumera deituko dute, besteak beste, Santa Cruzen, datorren maiatzaren 4an. Moralesek, ordea, legez kontrakotzat jo du galdeketa, eta emaitzek ez dutela inongo baliorik izango nabarmendu du. «Konstituzioaren kontrako ekintza bat zuritzeko jazarpena eta odola egotea nahi dute», salatu du.

ALBAko kideek, beren aldetik, Boliviako lurralde osotasuna eta bakea bermatzeko presidenteak egindako ahaleginei «elkartasuna» adierazi diete, eta nazioarteari berdin egiteko eskatu diote. Moralesek agintea eskuratu ondoren, Konstituzio berria onartzeko prozesua martxan jarri bazuen ere, oposizioak trabak baino ez dizkio jarri. Orain, hainbat eskualdek aldarrikatutako autonomiaren auziari egin behar dio aurre.



ELIKAGAIEN KRISIA. ALBA 2004an sortu zuten, Ameriketako Merkataritza Askerako Eremuaren aukera moduan. Atzoko bileran Bolivia izan zen gai nagusia, baina bestelakorik ere eztabaidatu zuten. Elikaduraren gaineko subiranotasuna xede, elikagaien hornikuntza programak martxan jartzea hitzartu zuten. 62 milioi euroko diru funtsa sortuko dute, besteak beste, nekazaritzarako makineria eta teknologia eskuratzeko.

Bestalde, 200 intelektual ezkertiar inguruk Bolivia zatikatzeko «azpijokoa» dagoela salatu dute. AEBetako inperialismoari eta herrialdeko oligarkei leporatzen diote konspirazioa egitea. Salaketa egin dutenen artean daude, besteak beste, Bakearen Nobel saridunak: Argentinako Adolfo Perez Esquivel eta Guatemalako Rigoberta Menchu. Uruguaiko idazle Eduardo Galeano, Ramsey Clark AEBetako fiskal orokor ohia eta Manu Chao abeslaria ere salaketarekin bat egin dutenen artean daude.

Evo Moralesi beren sostengua eman die intelektual horiek guztiek, eta «ekintza subertsibo eta Konstituzioaren aurkakoekin» oligarkiak Bolivia zatitu nahi izatea gaitzetsi dute. «Ekintza horiek sektore hauen pentsaera arrazista eta elitista agerian uzten dute, eta aurrekari arriskutsua sortzen dute, ez bakarrik herrialde honen lurralde osotasunerako, baita beste herrialdeentzat ere».



Boliviako

aberatsen autonomia
Santa Cruz Boliviako eskualde aberatsenean autonomia handiagoa lortzeko erreferenduma egitekoak dira datorren maiatzaren 4an
i.z.

«Ez da autonomia edo estatutuei dagokien arazoa, benetan, Evo Moralesen arazoa da. Ez dute onartzen errepublikako presidentea nekazaria eta indigena izatea». Evo Morales Boliviakopresidenteak Konstituzio kontrakotzat jo ditu herrialdeko hainbat eskualdetan autonomia handiagoa lortze aldera egin nahi dituzten erreferendumak. Herri galdeketa egiten lehena izango da Santa Cruz, datorren maiatzaren 4an, hain zuzen. Alabaina, izaera kontsultiboa eta ez juridikoa aitortu dio Moralesek, eta, beraz, erreferendumeko emaitzak ez direla indarrean jarriko nabarmendu du.

Ekonomikoki Boliviako eskualde garrantzitsuena da Santa Cruz. Aitzitik, beste hiru eskualde aberatsenek ere bere bidea jarraituko dute: Pandok, Benik eta Tarijak autonomia indartzearen aldeko apustua egin dute, eta, beraz, Santa Cruzen bezala, berek ere erreferendumera deituko dutela ziurtatu dute. Estatu zentralistak eguneroko auziei aurre egiteko traba burokratikoak sortzen dituela, eta, beraz, autonomia administratiboarekin eta erabakitzeko ahalmen handiagoarekin horiei aurre egitea errazagoa litzatekeela diote.

Horiekin aurrez aurre daude Evo Moralesen aldekoak, gehienbat, pobreak. Aldiz, mugimendu autonomistarekin bat egin eta bultzatu dutenak herrialdeko aberatsenak dira, Moralesen gobernuaren oposizioko kideak.



«LEHENENGO KONSTITUZIOA». Santa Cruz, Pando, Beni eta Tarija eskualdeak, baliabide naturalei dagokienez, emankorrenak dira, eta, horregatik, autonomiaren atzean baliabide horiek kontrolatu eta aberastasunak beren artean banatzeko asmoa baino ez dagoela salatu dute.

«Lehenengo eta behin Konstituzio berria. Konstituzio berriarekin Gobernuak autonomiak bermatuko ditu. Baina herriarentzako autonomiak izango dira, ez oligarkiarentzako eta Santa Cruzeko logientzako», azaldu du Moralesek. Presidentearen hitzetan, oligarkiak boterea galdu duen bakoitzean, federalismoaren aldeko borrokak izan dira Bolivian. Agintea berreskuratu duten bakoitzean, ordea, oposizioan zirela aldarrikatutako federalismoaz ahaztu egiten direla gaineratu du. «Indigenen mugimenduaren etsaiak izan dira, bai Bolivia kolonia zenean, bai errepublika garaian, bai neoliberalismoaren garaian ere».

Gobernuaren aurkako mugimendu sendoa osatu dute lau eskualde horietan; prefektuak, enpresariak eta oposizioko parlamentariak hainbat ekintza bultzatu dituzte.





«AEBek esku-hartze argia eta lotsagabea izan dute, oposizioa eta gure aurkako erasoak sostengatuz»

«Konstituzioaren kontrako ekintza bat zuritzeko jazarpena eta odola egotea nahi dute»

evo morales
boliviako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.