Chavezen testamentu politikoa

Nicolas Maduroren aldeko apustua eztabaidaezina da, baina ikusteko dago Chavezen ondorengo aroan bai chavismoak baita oposizioak ere nola erantzuten duten. [YouTube]http://youtu.be/8GTRfrWiw5c[/YouTube]

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 6a
08:03
Entzun

"Nolabait ezinduta utziko nindukeen zerbait gertatuko balitz, Nicolas Madurok bukatu behar luke aginte epea. Konstituzioak agintzen duelako, baina ez horregatik bakarrik. Nire iritzi irmoa baita, ilargia bezain betea, bueltarik gabea, erabatekoa; lehendakaritzarako hauteskundeetara deitzera behartuko lukeen egoera horretan, Nicolas Maduro aukeratu behar zenukete lehendakari. Bihotzez eskatzen dizuet".

Oinordekoa zuzenean izendatzea Hugo Chavezen testamentu politikoa izan zen, iazko abenduaren 9an egindakoa, Kubara bidaiatu aurretik. Minbizia berritu zitzaiola eta Kuban ebakuntza egin behar ziotela esan zuen, ondoan Nicolas Maduro lehendakariordea eta Asanblea Nazionaleko lehendakari Diosdado Cabello zeuzkala. Azken horrek ere, zenbaiten ustez, Chavezek utzitako hutsunea bete dezake, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren adar militaristaren ikurtzat daukatelako.

Oposizioa, leku bila

Iragarpen hori egin zuenekoa da Chavezen azken irudietako bat; haren agerraldirik eza heriotzaren zurrumurru iturri bilakatu zen, egoera politikoa gaiztotzeko aitzakia. Iazko urriaren 7ko hauteskundeak irabazi ondoren, urtarrilaren 10ean egin behar zuen Chavezek presidentearen karguaren zina, baina ez zen hala izan, eta Asanblea Nazionalak minbizitik osatzeko behar zuen denbora eman zion.

Gorenak ere babestu egin zuen Asanblea Nazionalaren erabakia, eta ez zuen aintzat hartu oposizioak salatu zuen “ordena konstituzionalaren kontrako urraketa larria”. Chavez agertu ezean Diosdado Cabellok ordezkatu behar zuela exijitu zuen oposizioak, Konstituzioak hori zioela, Asanblea Nazionaleko presidenteari zegokiola gobernuaren behin-behineko gidaritza hauteskundeak iragarri bitartean. Manifestazio eta protesta jendetsuak eragin zituen erabakiak, bi aldeetara.

Oposizioak Maduroren eta Cabelloren arteko hika-mikak ere proiektatu zituen, eta martxan jarri zuen Chavezen eta garai bolivartarraren amaierako egoera. Henrique Caprilesi presidentetzarako hauteskundeak irabazteko aukera eskuetatik joan zitzaionean eta gobernadoreen bozetan MUD Batasun Demokratikoaren Mahaiak porrot egin zuenean,  garai batean Chavezekin izandako oposizioko kideak lehen lerrora ekartzen hasi zen —Henry Falcon Larako gobernadorearen kasua da hori—, eta Caprilesekin agerraldiak egiten hasi ziren jendaurrean. Hain zuzen, Caprilesen diskurtsoak Chavezek egindako gauza onak aitortzen ditu, hura gabe, jarraitzaileek oposizioan topa dezaten aukera.

PSUVren etorkizuna ere, zalantzaz betea

Hugo Chavezen alderdiaren etorkizuna zalantzaz betea dago, abiatutako proiektuari bere lider karismatikorik gabe nola eutsi asmatzen, baina oposizioak ez du errazagoa. Bere baitan ideologikoki biltzen diren muturrekoen borrokak —ezkerreko eta eskuineko—, botere lehiak —alderdi bakoitzak bultzatu nahi dituen buruzagi boteretsuak— eta chavismoarekin kontatu beharra zama dira MUDen barruan.

Chavez hilda, oposizioak beste aukera bat nahi du Venezuelako Gobernua bereganatzeko, baina gobernadoreak aukeratzeko abenduaren 16ko hauteskundeetako porrotak areagotu egin zuen krisia. Orain Venezuelako buruzagia hilda, berrindartzeko aukera paregabea du, behin-behinean behintzat.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.