Bost urtean bildutako datuak jasota egin dute txostena, eta ustez Al Qaedako kide zirenei galdeketak egiteko metodoak izan dituzte aztergai. 2001ko irailaren 11ko atentatuen ostean atxilotutakoak galdekatzeko, CIA Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek egindako praktikak jaso ditu Senatuak txostenean: besteak beste, astebetez galarazi zieten lo egitea, eta esan zieten ez zirela atxiloalditik bizirik aterako.
Areago: CIAren sendagileen oniritziz, gutxienez bost presori "medikoki beharrezkoak ez ziren prozedurak" ezarri zizkieten; esaterako, uzkitik elikatu eta hidratatu zituzten eta izotz bainuak eman zizkieten. Horrez gain, CIAko agente batzuek hiru atxilotu mehatxatu zituzten, esanaz, besteak beste, baten amari sexu abusuak egingo zizkiotela eta beste batenari "lepoa moztuko" ziotela.
Hori horrela, Senatuak ebatzi du CIAk Kongresuari esan ziona baino modu "latzagoan" torturatu zituela atxilotuak eta tortura horiek ez zirela eraginkorrak izan. Dianne Feinstein senatari demokrata izan da txostena egin duen batzordearen presidentea, eta hark aurkeztu du lana Senatuan.
Obama, tortura "iraganean" uztearen alde
Txostenaren edukiak zabaldu ostean, Barack Obama AEBetako presidenteak esan du torturek ez zutela lagundu "terrorismoaren kontrako ahaleginetan" ezta AEBen segurtasunean ere. Halaber, esan du txostenak lagundu behar duela "praktika horiek dagokien lekuan uzten; iraganean".
"Metodo gogor hauek, nazio gisa ditugun balioekin inkoherenteak izateaz gain, ez ziren baliagarriak izan", azaldu du Obamak. Gaineratu du tortura horiek AEBen irudiari "kalte nabarmena" egin diotela eta zaildu egin dutela AEBek "aliatu eta bazkideekin" bere "interesak defendatzea".