Coca-Colaren aurpegi ezkutua

2004ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Sindikatu kolonbiarrek Coca-Cola multinazionalak irabazi handiak lortu dituela esan dute, hainbat estatutan sindikatuetako buruzagiak hiltzeagatik, kartzelaratzeagatik, kalera botatzeagatik, heriotz mehatxuak egiteagatik eta erbesteratzeagatik. Kolonbia, Peru, Brasil, Venezuela, Palestina, Turkia, Iran, NigeriaÉ dira Coca-Colaren aurpegi ezkutuaren isla.

Kolonbiako Sinaltrainal sindikatuak, Coca-Colarentzat lan egiten duten enpresa botilaratzaileen sindikatu nagusienak, hainbat salaketa jarri ditu azken hamarkadan multinazionalaren aurka. Luis Javier Correa Sinaltraineko lehendakariaren arabera, Coca-Colak ordaindutako talde paramilitarrek heriotza eskuadroiak, sindikatu horretako hainbat bazkide hil, torturatu eta bahitu dituzte, baita bazkideen senideak ere. Sindikatuak 2001ean aurkeztu zuen salaketa Floridan, United Steel Workers of America eta International Labor Rights Fund erakundeen laguntzaz. Urte horretan bost sindikalista hil zituzten eta 65 pertsonak heriotz mehatxuak jaso zituzten. Sinaltrainalek aurkeztu zuen agiriaren arabera, guztira 1.800izan ziren azken hamarkadan erail zituzten kolonbiarrak. Sindikatuak urte hartan garaipen partziala lortu zuen epaiketan, izan ere, epaileak edariak botilaratzen dituzten bertako enpresen aurkako salaketa onartu zuen, baina ezmultinazionalaren aurkakoa. 2003ko abenduaren 3an Jesus Rojas Castañeda Coca-Cola salatu zuen sindikatuko lehendakariordearen anaia hil izana leporatu diote multinazionalari. Coca-Colaren babespean dauden Kolonbiako talde paramilitarrek aurrera eramandako hilketa horiek eta langileen kaleratzeak salatzeko, gose greba egin zuten Kolonbiako 30 bat langileek joan den martxoan. Multinazionalak eta berari lotuta dauden enpresa botilaratzaileetako buruek, ordea, gezurtatu egin dute langileei heriotz mehatxuak eta presioa egin izana. Panamco-Colombia enpresako bozeramaile Juan Carlos Dominguezek ukatu egin zuen talde armatuekin lotura izatea. Edariak botilaratzen dituen Panamako enpresa batek ere zortzi sindikalista kalera bota zituen 2002ko udazkenean, lan baldintza hobeak eskatzeagatik.

Salaketak mundu osoan

Coca-Colako enpresa botilaratzaileen aurkako prozesu judizialak aurrera segitzen du Ameriketako Estatu Batuetan. Giza Eskubideak urratzea leporatzen zaie. Baina Kolonbia ez da multinazional horren eta berari lotutako enpresen ustelkeriak jasaten dituen estatu bakarra. Sindikalisten aurkako errepresioa Peru, Venezuela, Palestina, Iran eta Turkia bezalako lurraldeetara ere zabaldu dela diote transnationale.org erakundeak argitaratu dituen hainbat txostenek.

Coca-Colari haurren esplotazioa, naturaren aurkako ekintzak, inpaktu soziala eta beste delitu batzuk ere leporatu zaizkio azkenaldian. Giza Eskubideen aldeko Erakundeak 2004ko ekainean atera dituen datuen arabera, El Salvadorren azukre-kanabera erosten duten zenbait enpresak, horien artean Coca-Cola, haurrak esplotatzen dituztela eta langileek baldintza txarretan lan egiten dutela jakin da. Izan ere, txosten horren arabera, azukre kanabera mozteko aihotzak eta aiztoak behar izaten dira eta haurrek zauriak egiten dituzte esku eta hanketan. Gainera, bederatzi ordutik gora lan egiten dute eguzkipean. Lanaren Nazioarteko Erakundeak uste du 30.000 haur inguruk lan egiten dutela El Salvadorreko azukre kanabera lur sailetan. Giza Eskubideen aldeko Erakundeak ekaineko txostena aurkezteko egin zuen elkarrizketa batean, El Salvadorreko lur sailen ikuskatzaile ohi batek esan zuen azukre kanaberekin lan egitea «esplotazio jarduera arriskutsuenetarikoa» dela. Giza Eskubideen aldeko Erakundeak Brasilen ere salatu ditu haur esplotazioa eta lan baldintza txarrak Coca-Colarentzat laranja zukua egiten duten lantegietan.

Iturriko ura botiletan

Bestalde, Coca-Cola multinazionalak Ingalaterran Dasani izeneko ur botila berri bat merkaturatu zuen pasa den martxoan. AEBetan ur botilen artean gehien saltzen denetakoa da produktu hau baina Ingalaterran eztabaida handia sortu du bere salmentak. Ur purua izenarekin iragartzen duten arren, enpresa berak aitortu zuen produktu honen osagai nagusia Londresko iturriko ura zela.

Indian ere polemika zabaldu zen urte hasieran Coca-Colak lurralde horretan merkaturatzen dituen produktuen inguruan. Zientzia eta Ingurune Zentroak (CSE) iaz egindako eta publikatutako ikerketa izan zen multinazionala salatu zuena. CSEk ziurtatu zuen, Indian saltzen diren Coca-Colaren produktuetan pestizidak aurkitu zituztela. Ikerketa horretako datuek diotenez, pestizida maila Europako Batasunak onartutakoa baino handiagoa da, beraz, Indiako kontsumitzaileen osasuna arriskuan dago. Gainera, Indiako hiru komunitatek ur faltan zeudela salatu zuten 2004ko otsailean Coca-Colak inguruko ur putzuak lehortu zituelako. Giza osasunaren aurkako eraso hori, ordea, ez da bakarra izan azken urte hauetan. Coca-Colak 2001ean onartu zuen legearen arabera, hiesaren aurkako tratamenduan enpresak goi mailako langileei bakarrik laguntzen die. Afrika eta Thailandia moduko estatuetan dauden enpresa botilaratzaileetako langile guztiek ez dute aukera bera gaixotasunari aurre egiteko.

-

AEB-ETAKO ARMADA



 

Militarrak arriskuan lata berria dela eta





Multinazionalak uda honetan atera duen Coca-Cola lata berriak AEBetako militarren segurtasuna arriskuan jartzen duela esan dute AEBetako Inteligentzia eta Segurtasun agenteek. Coca-Cola lata berriak sakelako telefonoen txip bat eta GPS bat du.

Bi tresna horiekin kontsumitzaileek, soilik botoi bat zapalduta, multinazionalaren produktu bat irabazi duten ala ez jakin dezakete. Coca-Colak esan du datu hau enpresak bakarrik jaso dezakeela. AEBetako Segurtasun agenteek uste dute informazio hori erraz lor eta manipula daitekeela eta soldaduak mementuan lokalizatuak izan daitezkeela. Armadak soldaduei esan die kontuz ibiltzeko, batez ere bilera garrantzitsuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.