AEB-ak

Comeyren arabera, Trumpek eskatu zion Errusiarekiko loturak ez ikertzeko

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Christopher Wray abokatua aukeratu du FBIren zuzendaria izateko. "Tatxarik gabeko gizona da", Trumpen esanetan.

James Comey. SHAWN THEWN / EFE
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 7a
21:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostegunean da deklaratzekoa AEBetako Senatuan James Comey FBIko zuzendari ohia, baina haren idatzizko testigantza argitaratu du jada senatuak. Comeyk adierazi duenez, Donald Trumpek eskatu zion "leiala" izateko eta ez ikertzeko Michael Flynn segurtasun nazionalerako aholkulari ohiak Errusiarekin zituen loturak.

"Espero dut zuk argi ikusi ahal izatea hau igarotzen uzteko bidea, Flynn joaten uzteko. Tipo ona da", esan zion Trumpek, Comeyren esanetan. Gainera, adierazi duenez, presidente kargua hartu eta gutxira, Trumpek afaltzera gonbidatu zuen; hasiera batean hainbat pertsona joatekoak ziren afari horretara, baina, azkenean, biak bakarrik elkartu ziren, eta FBIren buruzagitzan jarraitzeko asmoez galdetu zion Trumpek: "Presidentea galdezka hasi zitzaidan FBIko zuzendari izaten jarraitu nahi al nuen, eta nahiko arraroa iruditu zitzaidan, aurrez bi aldiz esan baitzidan espero zuela ni gelditzea, eta nik ziurtatua nion jarraitzeko asmoa nuela".

Wray FBIko zuzendari

 

Bestalde, Trumpek Twitterren idatzitako mezu batean jakinarazi du Christopher Wray abokatua aukeratu duela FBIko zuzendari izateko, eta "laster" zehaztapen gehiagoren berri emango duela.

 

Wrayk (1967) badu eskarmenturik AEBetako administrazioan. Izan ere, 2003tik 2005era, George W. Bush presidentea zenean, Justizia Departamentuko krimen saila zuzendu zuen. King & Spalding gobernuarekin lotutako ikerketak egiten dituen abokatu bufeteko bazkideetako bat da egun Wray.

Administrazioko bi kidek azaldu dute hainbat hautagai elkarrizketatu dituztela azken asteetan, eta Trump pasa den maiatzaren 30ean bildu zela Wrayrekin. AEBetako presidenteak bat-batean kaleratu zuen, joan den maiatzaren 17an, James Comey aurreko zuzendaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.