Gaur egindako agerraldian, Chuka Umunna, Luciana Berger, Chris Leslie, Angela Smith, Mike Gapes, Gavin Shuker eta Ann Coffey diputatuak kritiko agertu dira Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruarekin, besteak beste, brexit-aren inguruan daraman estrategiarekin. Corbinek ez du babestu bigarren erreferendum baten eskaria, eta jarrera horrekin ez daude ados alderdia utzi duten diputatuak.
Alderdia "ezkerreko makineriak bahitu" duela uste dute zazpi diputatuek. Brexit-aren inguruko desadostasunak ez ezik, bestelakoak ere aipatu dituzte. Esaterako, Corbyn NATOrekin kritiko agertu izana kontuan hartuta, Corbyn babestea "arduragabea" litzatekeela esan dute. Alderdia "instituzionalki antisemita" bihurtu duela ere kritikatu dute parlamentari kritikoek.
2017ko hauteskundeetan, azken urteetako emaitzari onenak lortu zituen Alderdi Laboristak. Botoen %40 inguru jaso zituen Corbynek, eta 650etik 262 aulki lortu zituen Komunen Ganberan.
Azken asteetan, ez aurrera ez atzera daude Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren asmoak. Otsailaren 14an, esaterako, gobernuaren mozio baten aurka bozkatu zuten Komunen Ganberako diputatu gehienek —258 diputatu, 303tik—, eta Mayri adierazi zioten ez duela haien babesik.