Corsica Libera talde politikoak bere buruzagi baten hilketa salatu du

Philippe Paoli hil zuten asteartean tiroka; FLNC taldearen eraso bat izan zuen haren enpresa batek igandean

Erredakzioa
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Corsica Libera Korsikako alderdi politiko independentistak Philippe Paoli zuzendaritzako kidearen hilketa salatu du. Joan den asteartean hil zuten politikari Folelli herrian (Korsika Garaia), motozikletaz semearen bila joatean. Beste motore batetik tirokatu zuten, Paoli lekuan bertan gorputz geratu zelarik. Atentatua jazo zen lekuan, bederatzi milimetroko pistola bateko hamar bat balazal aurkitu zituzten.

Alderdi independentistako bozeramaileek gertatutako salatzeko prentsaurrekoa eman zuten atzo Bastian. Philippe Paoli (42 urte zituen) «militante eskuzabal eta eredugarria» zela adierazi zuten. Corsica Liberaren arabera, «ez zen espekulatzaile bat».Hedabideei plazaratutako agirian zehaztu dutenez, hildakoa «ez zen eraikuntza turistiko bateko kudeatzailea, ezta partzuerra ere»; bai, ordea, «eraikuntza enpresa bateko jabea». Hortaz, alderdiaren iritziz, haren «ospea zikintzea manipulazio huts bat besterik ez da».

Carlu Pieriren jarraitzailea

Paoliren aurka eginiko salaketa hori, joan den igande goizean Santa Maria Poggio herrian gertatutako atentatu batekin lotuta zegoen. Leherketa batek kalte handiak eragin baitzituen eraikuntza batean; bertako paretetan turismoari lotutako espekulazioaren kontrako pintadak agertu ziren, hauek FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea sinatuta zeudelarik. Hedabideetan, eraikuntza lekuaren «kudeatzaile-lagun» bezala aurkeztu zuten Philippe Paoli.

Hildakoa Carlu Pieri agintari independentista historikoaren jarraitzaileetarik bat ei zen. FLNC Historikoa erakundeko buruzagitzat jotzen den Pierirekin batera epaitu zuten Paoli, 2006ko otsailean, legez kanpoko diru erabilerak egiteagatik. Carlu Pieri berriro atxilotu zuten ekainaren 19an, baldintzapeko askatasuna hausteagatik.

Paoliren hilketak kezkak eragin ditu uhartean, nazionalisten arteko gatazka berriz piztuko den beldurrez. 1990. urtetan, FLNCren zatiketen ondorioz, hogei bat nazionalista hil ziren.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.