Iruzur fiskala leporatuta hasi da gaur Noos auziko epaiketa. Akusatuen aulkian eseri dira, besteak beste, Cristina Borboikoa eta Iñaki Urdangarin. Goizean goiz heldu dira biak Palmako auzitegietara, eta haien ostean iritsi dira beste akusatuak: Valentziako alkate ohi Alfonso Grau, Zientzia eta Arteen Hiriko zuzendari izandako Jose Manuel Aguilar eta erakunde bereko zuzenbide arduradun ohi Elisa Maldonado.
Lehen egunean, defentsaren txanda izan da. Borboikoaren abokatuak eskatu du Borboikoa kargugabetzeko, Botin doktrina argudiatuta —herri akusazioak soilik eskatuz gero, inputatu bat akusatuen aulkian eseraraztea galarazten du—. Aurretik ere argudiatu izan du gauza bera defentsak, baina epaileak ez zuen ontzat eman, eta akusazioarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Manos Limpias elkarteak zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du Borboikoarentzat.
Defentsako abokatuarekin bat etorri da Pedro Horrach fiskala ere, eta ohartarazi du Manos Limpias sindakatuari kasu egin eta Borboikoa auzipetzea "diskriminatzailea" litzatekeela.
Bestelakoa da Urdangarinen kasua. Fiskaltzak hemeretzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du harentzat, iruzurragatik.