Iñaki Urdangarinek Aizoon enpresarekin egin bide zituen delituak bere emazte Cristina Borboikoak jakin gabe egitea sinesgaitza dela iritzita, Espainiako erregearen alaba ustez diru zuritzeagatik eta iruzur fiskalagatik inputatu du Jose Castro Palmako auzitegiko epaileak. Senar-emazteen jabetza partekatua zen Aizoon, eta epaileak milaka mezu bildu ditu inputazio autoan, Cristina Borboikoak delituak gertatzen ari zirela jakinaren gainean "beste aldera" begiratzea erabaki zuela nabarmentzeko.
Aizoon enpresaren diru kontuak faltsuak direla argudiatu du Palmako auzitegiko epaileak, eta irabazien banaketa "iluna" zela. Halaber, irabazi horiek guztiak Cristina Borboikoak inoiz ez zituela errenta deklaraziopean tributatu azpimarratu du epaileak inputazio autoan.
Cristina Borboikoa martxoaren 8rako deitu du deklaratzera Castro epaileak, eta egozten dizkion bi delituengatik 11 urteko espetxe zigorra jaso dezake: sei urte artekoa dirua zuritzeagatik, eta bost urte artekoa iruzur fiskalagatik.
2013ko apirilean ere inputatu zuen Castro epaileak Cristina Borboikoa, baina Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak helegitea aurkeztu ondoren, auzitegiak berehalakoan bertan behera utzi zuen inputazioa. Orain ere, Palmako auzitegiko fiskala Espainiako erregearen alaba inputatzearen kontra agertu da, eta, Estatuaren Abokatuak ere salaketarik aurkeztuko ez balu, litekeena da Cristina Borboikoa libre geratzea. Akusazio publikoaren eta kaltetuaren salaketarik gabe, izan ere, oso litekeena da Botin doktrina aintzat hartu eta auzia bertan behera uztea.