Hiriko kaleetan, iragarkietarako euskarri guztiak daude Nestor Kirchnerren eta Cristina Fernandezen irudiekin beteak. Biak besarkatuak, Kirchner irribarretsu agertzen da argazkian, jendea agurtuz. Hitzetan: «Nestor betiko, animo Cristina». Erakunde peronisten eta jarraitzaileen pankartetan ere antzeko mezuak irakur daitezke: «Cristinarekin jarraitzen dugu herrialde justuago baten alde», «Nestor Peronekin eta herria Cristinarekin», edo «[Gizarte] Ereduarekin pauso bat bera ere ez atzera. Eutsi Cristina».
Bildutako herritar kopuruak gainezka egin zuen atzo, erdigunean, eta gizabanakoa ugaztunen familiatik baino intsektuenetik gertuago sentiarazten duen marea horietako bat sortu. Etxe Arrosatik hasita, bi kilometroko ilara osatu zen, eta hiriko finantza gunean bulegoetako langileek harrituta begiratzen zieten kalea osorik hartua zeukaten agure, gazte eta familiei. Ilararen alboetan ordu askoan esperoan zeudenengana saltzaileak joan ziren goizeko lehen ordutik, haiek hornitzeko.
Zazpi ordu ilaran
Ilaran aurrera, hil kaperara sartu aurretik pasatu beharreko segurtasun kontroletik metro gutxira daude Pilar Gonzalez eta Grisel Lex. Biak Argentina iparraldetik iritsi dira, Corrientestik lehena eta Chacotik bigarrena. «Goizeko hamarretatik gaude ilaran zain, zazpi ordu daramatzagu hil kaperara sartzeko esperoan». Pilar izan da erantzuten lehena, eta Nestor Kirchner politikari gisa beretzako zer izan den azaltzen hasi da. «Nestorrekin, galduta zeuden balioak berreskuratu dira. Gure bandera eta ereserkia. Politika egitearen garrantzia eta militantziarena. 90eko hamarkadan galdu genituen balioak dira horiek. Herrialdean azken urteetan eztabaidatu diren erabaki sozialek mugiarazi naute ni. Batez ere Cristinaren agintaldian hartutakoak. Egia esan, Nestor Kirchner agurtzeko baino gehiago Cristina laguntzera etorri naiz».
Griselek 2001eko garaiak aipatu ditu. «Bera iritsi aurretik mundu guztiak egin nahi zuen hies Argentinatik, eta orain ez. Hazten ari gara, eta itxaropena dugu». Pilarrek Cristina babestearen garrantzia nabarmendu du, etorkizun hurbilari buruz galdetutakoan. «Nik uste dut ahultasun garai hau min egiteko erabili nahi dutela askok, eta horregatik nago hemen, hori saihesteko eta Cristinari indarra emateko».
Ilararen luzera osoan batzuen aurpegi tristeak eta jarrera serioak beste batzuen protesta nahiarekin nahasten ziren. Arratsaldeak aurrera egin ahala doluekintzatik baino aldarrikapen kutsutik gehiago zuen elkarretaratzeak. Tarteka, bat-bateko txalo zaparradak sortzen ziren. Bonboen hotsak, manifestazio peronisten ikur, hiriko eraikinen paretak jotzen zituen etengabe, eta kantuak gero eta maizago entzuten ziren. Batez ere, Julio Cobos gobernuko presidenteordearen kontra. «Andate Cobos, la puta que te parió. Andate Cobos, la puta que te parió...» («Hoa Cobos, hire ama urdanga horrekin»).
Kirchnerri gorazarre
Elkarretaratzera batu baina hil kapera bisitatzeari eta orduetako ilara egiteari uko egin diotenak Maiatzeko Plazan daude, udaberriko eguzkipean, matearen laguntzaz, azken gertaeren nondik norakoak komentatzen. Tartean dago Sebastian Ortiz, egunkari banatzailea eta CGT sindikatu peronistako kidea. «Langileok diktadurako porrotetik gentozen, eta 90eko hamarkadako neoliberalismo basatitik. Kirchnerrekin politika berreskuratu dugu gure interesak defendatzeko erreminta gisa, eta, bere gobernuaren politikari esker, egitura ekonomikoa berreraiki dugu. Noski, Kirchnerren heriotzarekin lidergo garrantzitsua galdu dugu, baina peronismoaren mugimendutik aldaketa soziala gidatzen jarraitu behar da, eta horretan ezinbestekoa da langileok eman dezakeguna». Ortizen hitzetan, Hugo Moyano CGTko idazkari nagusiak dio peronismoaren barruan langilea izan dela mugimendu nazional eta herrikoiaren bizkarrezurra eta, orain, bizkarrezurra ez buru izan behar duela parez pare duen erronkan.
Plazaren bazterretako batean, katedralaren eskaileretan eserita, Hugo Petro bi lagunekin matea hartzen ari da. Nestor Kirchnerri buruz galdetutakoan ezin izan dio emozioari eutsi; begiak berehala busti zaizkio. «Ni ez naiz kirchnerista, peronismotik ezkerrera kokatu izan dut beti neure burua, baina Nestor Kirchnerren belaunaldikoa naiz, eta horrek egin duena gauza handia da. Behera bota zituen militarrak babesten zituzten zigorgabetasun legeak, eta gaur, epaiketak dauzkagu. Maiatzeko Plazako amek eta amonek, denek maite dute», azaldu du Petrok. «Esperantza ekarri digu bueltan. 2001ean joan zitezen eskatzen genien politikariei; politika hitz itsusia zen, mespretxuzkoa, eta Kirchnerrek militantziarako gogoa piztu digu berriz». Diktadurak lorratz sakonak utzi zituelakoan dago argentinarra. Eta gaur 30-35 urte dituztenen belaunaldia politikarekin erabat desinteresatutako jendea dela uste du. «Baina orain gazteak berriz ere kalera irteten direla ikusten dugu, parte hartzen ari direla. Etorkizunarekin beldur naiz. Traidore bat dugu presidenteorde eta Alderdi Justizialistan zaborra dago nonahi. Kirchnerrek haietako batzuekin elkartu behar izan zuen, baina bazekien egoera nola bideratu».
Bere jaioterrira eraman dute Kirchner,familiako kriptan hilobiratzeko
Cristina Fernandezek senarraren hilbeila aurreikusitakoa baino denbora gehiagoz zabalik edukitzea erabaki zuen atzo, Maiatzeko Plazan (Buenos Aires) bildutako jendetzak Nestor Kirchnerri azken agurra emateko aukera izan zezan. Argentinan goizeko hamarrak zirenean itxi behar zuten Etxe Arrosa -han jarri zuten Argentinako presidente ohiaren hilkutxa-, baina, Fernandezen aginduz, beste bi orduz eduki zuten zabalik. Gero, Buenos Airesko aireportura arte segizioa egin zuten, Kirchner jaioterrira eramateko. Los Gallegosen (Santa Cruz) jaio zen Kirchner, eta, horregatik, han hilobiratuko dute haren gorpua, familiako kriptan.Atzo ziren lurperatzekoak Argentinako presidente izandakoa, eta, Santa Cruzko gobernadoreak adierazi duenez, Kirchnerren lur-ematean familiakoek eta gertukoenek bakarrik hartu zuten parte.