USTELKERIA PP-n

Cristobal Paezek aitortu egin du diru beltza kobratu izana

Alvarez-Cascosek eta Arenasek deklaratu dute dagoeneko. PPren ustezko B kontabilitatearen eta gainsoldaten inguruan hitz egiteko deitu zituen deklaratzera, lekuko gisa, Pablo Ruz epaileak. Bihar, Maria Dolores de Cospedalen txanda izango da, PPko egungo idazkari nagusiarena.

2013ko abuztuaren 13a
17:51
Entzun

Barcenas auzian deklaratzera deitu ditu Pablo Ruz epaileak azken urteetan PPko idazkari nagusi izandakoak, Javier Arenas eta Francisco Alvarez-Cascos, eta gaur egun kargu hori betetzen duena, Maria Dolores de Cospedal. PPren ustezko B kontabilitatearen eta alderdi horretako hainbat kidek jasotako gainsoldaten inguruan hitz egin dute, Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren aitorpenaren harira.

Dagoeneko Antonio Ortiz PPko diruzainari, PPren kudeaketan Barcenas ordezkatu zuen Cristobal Paezi eta Arenasi deklarazioa hartu die Ruz epaileak. Paezek baieztatu egin du Barcenasen paperetan agertzen dena, hau da, 2007ko apirilean eta 2008ko ekainean bi kobrantza jaso zituela —guztira, 12.000 euro—. Barcenas ordezkatu zuen Paezek 2009 eta 2010 artean PPren administrazioan.

Bi ordu inguru aritu da Paez deklaratzen, eta Alvarez-Cascos eta Arenasek deklarazio hartzeak atzeratu ditu horrek. Alvarez-Cascosek eta Arenasek ere deklaratu dute dagoeneko: bietako batek ere ez du ondoren adierazpenik egin. Epaileari ukatu egin diote B kontabilitatean diru mugimenduak egon izana, baina, onartu egin dute ez zutela kontrolatu alderdiak jasotzen zuen dirua, ez baitzuten uste hori diruzainaren eskumena zenik.

Arenas 1999 eta 2002 artean izan zen idazkari nagusi, eta haren izena hainbatetan aipatu zuen Barcenasek uztailaren 15ean egindako deklarazioan. 2010eko martxoan Arenasi 4.900 euro zituen sobre bat eman ziola baieztatu zuen Barcenasek, eta Espainiako presidente Mariano Rajoyri emateko agindu zion: "Hark jakingo du zer egin". Barcenasen eta Rajoyren arteko solasaldi batean Arenas presente zegoela baieztatu zuen PPren diruzain ohiak. Elkarrizketa hartan, Barcenasek PPren egoitzan bulego bat, idazkaria, autoa eta gidaria eta bere soldata sine die kobratzen jarraituko zuela adostu zuten. Barcenasek, baina, esan zuen Arenasek ez zituela "inoiz" ikusi B kontabilitatearen paperak, horien kontrola Barcenasek eta Alvaro Lapuertak —Barcenasen aurreko diruzainak— soilik baitzuten.

Alvarez-Cascos, 1989 eta 1999 artean PPko idazkari nagusi izan zena, berriz, Barcenasen paperetan ageri zen, eta, horien arabera, guztira, 412.390 euro kobratu zituen gainsoldatetan —ustez, Sustapen ministro zela ere jaso zituen soldata horiek, Bateraezintasun Legea urratuz–.

Cospedalek bihar deklaratuko du. Barcenasen arabera, PPren egungo idazkari nagusiak bazuen gainsoldaten berri, eta Barcenas kargutik kendu ostean, horri ordaintzen jarraitzea erabaki zuen.

Antonio Romeral fiskalak Cospedalek deklaratzeko soilik eskatu zuen arren, Ruz epaileak Alvarez-Cascosek eta Arenasek ere lekuko gisa deklaratzea erabaki zuen, "inkongruentziarik ez egiteko", hirurek kargu bera izan baitute PPren barruan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.