CUP abstenitu egin da Jordi Turullen hautagaitzaren bozketan. Hala erabaki du alderdiaren Kontseilu Politikoak. Ondorioz, Turullek ez du presidente izendatua izateko nahikoa babes lortu.
CUPek adierazi duenez, bere talde parlamentariaren erabaki politikoek ezin dute egon "estatuaren jardun errepresiboaren" menpe.
Martxoaren 3an CUPeko Kontseilu Politikoak adierazitakoa berretsi du alderdiak: JxCren eta ERCren gobernu programa proposamenak ez duela nahiako sakontzen errepublika erakitzeko bidean eta arlo sozialean. "Errepresioaren kontrako jarduna" koordinatzearen alde agertu da CUP, "baina horrek ez du esan nahi Llarenaren zitazioen menpeko politika egitea", taldeak azaldu duenez.
CUPek gogora ekarri du parlamentuaren gaurko inbestidura saioa deitzea JxCren eta ERCren erabakia izan dela, eta CUPek ez duela erabaki horretan parte hartu.
Parlamentuak osoko bilkurari eutsiko dio, Turullek behar adina boto izango ez baditu ere. Era horretan, presidentea izendatzeko gehienezko epea zenbatzen hasiko da gaurtik aurrera. Parlamentuak bi hibeteko epea izango du presidente bat inbestitzeko. Hala izan ezean, hauteskundeak deituko dira berriro, automatikoki.