KATALUNIAKO ERREFERENDUMA

CUP: "Ezin dugu 2 milioi herritarren borondatea eten"

CUPen iritziz, "aukera historikoa" galdu da gaur, baina ez du Generalitatearen kontra jo. CSQPek eskertu egin du elkarrizketaren aldeko keinua. PSCk adierazi du parlamentuak ez duela ezer deklaratu eta, beraz, ezin dela ezer eten. Ciudadanosek eta PPk "estatu kolpea" salatu dute.

Anna Gabriel CUPeko bozeramailea, gaurko osoko bilkuran. ALBERTO ESTEVEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 10a
08:13
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen hitzaldiak erreakzio kontrajarriak eragin ditu parlamentuko taldeengan. Junts pel Si koalizioaren taldeak izan ezik, gainontzeko talde guztiek kritikatu dute Puigdemonten erabakia, independentzia deklaratu eta hura behin behinean etetekoa. Arrazoiak oso desberdinak izan dira, ordea.

CUPeko bozeramaile Anna Gabrielek argi utzi du Puigdemonten erabakia ezustekoa izan dela bere taldearentzat, eta haren berri osoko bilkura hasi baino ordu bete lehenago jakin duela salatu du. "Gaur errepublika kataluniarra irmoki deklaratzeko saioa izango zela espero genuen", adierazi du bozeramaileak. Deklarazioaren etetearekin "aukera historikoa" galdu dela nabarmendu du Gabrielek, eta CUPek ez duela jarrera hori babesten. "Ezin dugu 2 milioi herritarren borondatea eten". Puigdemontek negoziazioari egin dizkion aipamenei erantzun die Gabrielek galdera batekin: "Negoziazioa norekin? Mehatxatzen gaituen estatu batekin?" Hala ere, Generalitatearekin gordin jokatzea sahiestu du CUPek, eta etorkizunari begira jarri da. "Gaur borroka etapa berri bat hasiko dugu", adierazi du.

Elkarrizketaren aldeko keinua eskertu du CSQEPeko Lluis Rabellek. Haren esanetan, erreferenduma mobilizazio jendetsua izan den arren, ezin da Kataluniaren independentzia deklaratzeko oinarri izan. Kataluniako auzia Espainiaren arazoa dela ziurtatu du Rabellek, estatuaren nazio aniztasuna onartzen ez duelako. "Katalunia herrikoiaren tradizio integratzailea" aldarrikatu du auziari konponbidea emateko, elkarrizketaren bidez.

Ciudadanosek eta PPk, berriz, "estatu kolpea" salatu dute. Demokraziaren aurkako erasotzat jo dute Puigdemonten adierazpena. Bi alderdietako bozeramaieek nabarmendu dute erreferendumarekin "isilarazitako gehiengoa" esnatu dela Katalunian eta espainiar sentitzen diren kataluniarrak indartzeko balio izan duela prozesu subiranistak. "Benetako hauteskundeetan" abertzaletasuna garaitzea lortuko dutela ziurtatu dute.

PSCren iritziz ere hauteskundeak deitzea da auzia konpontzeko bide bakarra. Miquel Iceta talde sozialistaren bozeramailearen arabera, Generalitateak babes nahikorik gabe erabaki du prozesu subiranista abitzea, eta beharrezko jo du Kataluniako alderdi politikoen arteko adostasun zabalagoa lortzea. Icetak nabarmendu du parlamentuak ez duela independentzia deklaraziorik bozkatu eta, beraz, ezin dela deklaratu ez den ezer eten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.