Katalunia

CUPek abstentzioari eutsiko dio eta ez du Torraren inbestidura oztopatuko

Quim Torra presidentegaiaren bigarren inbestidura saioan abstenitzea erabaki du CUPen Kontseilu Nazionalak. Ez du, beraz, hura presidente izendatzea oztopatuko, baina ez dio babesik agertuko JxCk eta ERCk "autonomismora bira" egin dutela iritzita.

Maria Sirvent CUPeko kidea Kontseilu Nazionalaren osteko agerraldian. SANTI IGLESIAS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 13a
08:02
Entzun

CUPek ez du eragotziko Quim Torra JxCko diputatu eta hautagaia Kataluniako Gobernuko presidente izendatzea. Asteleheneko inbestidura saioan abstenitu egingo dela erabaki du CUPeko Kontseilu Nazionalak. Beraz, ezustekorik ez bada, Torrak presidente inbestitua izateko nahikoa babes izango du. JxCk eta ERCk 66 ordezkarirekin babestuko dute presidentegaia, eta Ciutadansen, PSCren, Catalunya En Comu Podemen eta PPren kontrako 65 boto jasoko ditu.

CUPek azaldu du ez duela oztopatuko Katalunian gobernu berri baten eratzea, "estatuaren errepresioak eta eskubide zibil eta politikoen urraketak" baldintzatutako egoera bizi duelako herrialdeak.

Hala ere, nabarmendu du "oposizio aktiboa" egingo diola Torrari. JxCk eta ERCk errepublikaren eraikuntzan "atzera" egin dutela salatu du. Bi alderdi independentista horiei leporatu die "autonomismora bira" egitea. CUPek argudiatu du ezinezkoa zaiola norabide aldaketa hori babestea.

Torrak atzoko inbestidura saioan egin zuen hitzaldia begi onez ikusi du CUPek, eta hautagaiari eskatu diote "harago" joatea. CUPek politika sozialak garatzera deitu du. Ziurtatu duenez, egiteko ezinezkoa izango zaio autonomiaren lege esparruaren barruan.

Kataluniako parlamentuak bihar egingo du Torraren hautagaitza bozkatzeko bigarren inbestidura saioa, 10:30ean hasita. Azken orduko ezustekorik ezean, Kataluniako presidente izendatuko du parlamentuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.