I-27ko kataluniako hauteskundeak

CUPek berretsi egin du ez duela Mas babestuko

Antonio Bañosek esan duenez, murrizketak egiten dituztenak eta ustelak saihestu nahi dituzte. Argudiatu du Mas babesteak ez liokeela mesederik egingo prozesuari: "autonomismoari loturik dago haren iragana". 

Antonio Baños, hauteskunde biharamuneko agerraldia eman ostean, oholtzatik jaisten, Bartzelonan. JESUS DIGES, EFE
jon ordonez garmendia
2015eko irailaren 29a
07:32
Entzun

TV3 telebista katean goizean egin dioten elkarrizketan Antonio Baños CUPeko hautagaiak berretsi egin du ez dutela Artur Mas generalitateko presidente izateko babestuko. Iraganari loturiko pertsona dela uste du, zehazki, autonomismoari eta murrizketen politikari. 

"Ez da bidezkoa independentziaren alde mintzatu den jende guztiari soilik Mas presidente izateko aukeraz hitz egitea", esan du Bañosek. Anna Gabriel CUPeko zerrendako bigarrenak argitu du CDCren eta ERCren arteko akordioak ez diela eurei eragiten eta prozesu subiranista ezin dela pertsona bati lotu. "Ez gara fetitxistak Artur Masekin". Gabrielek esan du aurreko etapekin eta murrizketekin, ustelkeriarekin eta pribatizazioekin zerikusirik ez duen norbaitek izan beharko lukeela prozesuaren buru; kontsentsuzko norbaitek. "Ez da ezer aldatu. Ez diogu babesik emango Masi, bera ez delako prozesua". 

Independentzia alde bakarretik aldarrikatzea baztertu du CUPek, ez dutelako prebiszitua irabazi. CUPek esan zuen eserleku kopuruan eta botoetan irabaziz gero independentzia aldarrikatu behar zela. Bañosek, ordea, gogoratu du boto independentista gehiengoa dela, eta gogoratu du Catalunya Si Que Es Potek bere programan zeramatzala erabakitzeko eskubidea eta prozesu konstituziogile bat abiatzea. Prozesu hori abiatuz gero, esan duenez, CSQPeko parlamentariek independentziaz zer jarrera duten argituko litzateke.

CUP hirutik hamar eserlekura pasatu da Kataluniako Parlamentuan, eta, atzerriko botoak zenbatzeke, horietatik bi behintzat erabakigarriak izan daitezke. Izan ere, Junts Pel Sik 62 eserleku ditu, eta Csek, PSCk, CSQPek eta PPk, 63. CUPek jakinarazi du Junts Pel Si eta CSQP elkarrizketak hastera deitu dituela pobreziaren kontrako plan bat osatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.