“Ahalik eta hautagaitza zabalenean” parte hartzeko aukera nagusitu da alderdiaren batzorde nazionalean. CUPek erabaki du hautagaitza "apurtzailea, independentista eta ezkerrekoa" osatzea. Aukera horren alde egin du bozketan parte hartu duten kideen %64ak.
Hautagaitzari buruz bozkatu aurretik, abenduaren 21eko hauteskundeetara aurkeztu ala ez erabaki dute kideek. Militanteen %91,63k eman dute baiezko botoa, %7,83k ezezkoa, %0,36k zuria eta botoen %0,18 nuluak izan dira.
"Badakigu hauteskunde inposatu eta ez zilegiak direla", adierazi du Anna Gabriel CUPeko ordezkariak. "Militantziak erabaki du merezi duela jarraitzea. Urriaren 1ean eskolak defendatu zituztenei eta urriaren 3an greba egin zutenei zor diegu", gaineratu du.
Gabrielen esanetan, hurrengo hauteskundeetako gauzarik garrantzitsuena da "abenduaren 22tik aurrera zer egin" argitzea. "Konpromisoa da errepublika gauzatzea, prozesu konstituziogilea abiatzea, 155a etetea eta preso politikoak kartzelatik ateratzea".
Hauteskundeen ondoren, "borroka autonomistara" itzultzeko arriskua egon litekeela ohartarazi du Gabrielek, baina CUPen ahotsa "argia" izango dela ziurtatu du.
Hauteskundeetara zein hautagaitza motarekin aurkeztuko den ez du argitu oraindik CUPek, baina Nuria Gilbert bozeramaileak adierazi duenez "errepublika gauzatzeko aukerarik eraginkorrenaren zerbitzura" egongo da alderdia.