Duela bi asteko atxiloketen ostean, atzo CUPeko kide eta Viceko zinegotzi (Herrialde Katalanak) Joan Coma Roura atzeman zuten mossoek; zinegotziak berak eman du gertatutakoaren berri, Twitter bidez. Mossoek Guardia Zibilaren esku utzi dute atxilotua, eta ondoren eraman dute Madrilera; gaur deklaratuko du Auzitegi Nazionalean, 10:00etan. Coma Rourak bi aldiz egin dio uko Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeari.
Ismael Moreno magistratuak ikerketa abiatu du, Coma Rourak adierazi ostean Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak desobeditu behar direla. Adierazpen horrengatik, «matxinadak egitera» bultzatu nahi izana egotzi diote CUPeko zinegotziari. Joan den urrian uko egin zion deklaratzeari, ez duelako onartzen Espainiako auzitegien zilegitasuna. Hori gertatu eta bi hilabetera atxilotu dute; bitartean, Morenok Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta mossoei agindu zien agerraldi publikoetan eta sare sozialetan egindako adierazpenak biltzeko. Bartzelonako alkate Ada Colaurentzat, justifikaziorik gabeko atxiloketa da. ERCko Oriol Junquerasentzat, erreferenduma da «politikaren judizializazioa» amaitzeko biderik sendoena.
Gertatutakoa salatzeko eta elkartasuna adierazteko, protestak egin zituzten atzo Kataluniako hainbat herri eta hiritan.
Bi astean sei atxilotu
Bi astean CUPeko seigarren atxilotua da Coma Roura. Duela bi aste bost kide atxilotu zituzten, eta hurrengo egunean aske utzi, baina Espainiako koroari irainak egitea leporatuta. Joan den irailaren 11ko Diada egunean Espainiako errege Felipe VI.aren argazkiak erre zituzten bost atxilotuek.
CUPen aurka berriz ere
Viceko zinegotzi Joan Coma Roura atxilotu dute, «matxinadak egitera» bultzatzeagatik. Bitan uko egin dio Auzitegi Nazionalean deklaratzeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu