Dagestango atentatuak Moskuko eraso suizidekin lotu ditu Errusiak

Dagestanen bi atentatu izan dira Moskuko gertaerak izan eta bi egunera, eta hamabi hildako eta 27 zauritu eragin dituzte. Txetxeniako gerrillarien buruzagiak bere gain hartu ditu Moskuko atentatuak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Mosku astindu zuten eraso suizidak gertatu eta bi egunera, Ipar Kaukasora begira jarri dira berriz ere Errusiako segurtasun indarrak, Dagestanen gertatutakoaren harira. Vladimir Putin lehen ministroak ziurtatu duenez, «talde bereko terroristek egin dituzte bi ekintzak», eta segurtasun neurriak areagotuko dituztela esan du, Errusiako hiriburuan eta Ipar Kaukason, «bereziki Inguxetian eta Dagestanen». Putinek hori esan eta gutxira, Doku Umarov Txetxeniako gerrillarien buruak bere gain hartu zuen Moskuko atentatua.

Txetxeniako mugatik gertu, Kizliar hirian (Dagestan), bi atentatu izan ziren atzo goizean, eta hamabi pertsona hil eta 27 zauritu ziren. Hildakoetatik bederatzi, polizia errusiarrak dira.

Errusiako Barne Ministerioa eta FSB Segurtasun Zerbitzu Federala dauden eraikinetatik 300 metrora gertatu ziren atzoko bi eztandak. Poliziek auto bat geldiarazi eta autoa miatzera zihoazela, gidariak bonba bat leherrarazi zuen, eta bi polizia, inguruan zen emakume bat eta gidaria bera hil ziren. 08:42an izan zen gertaera -bi ordu gutxiago Euskal Herrian-, eta handik hamabost bat minutura, Larrialdi Egoeretako kideak, suhiltzaileak eta poliziak iritsi zirenean, poliziaz jantzitako ekintzaile batek bere gorputzera itsatsita zeukan bonba bat leherrarazi zuen, eta zazpi polizia hil. Atentatuak izan ondoren, Dagestango errepide eta hiri nagusiak kontrol zorrotzez josi zituen Poliziak.

Atentatu oldearen beldur

Errusiako agintariak kezkaturik daude Ipar Kaukasoko ekintzaileen atentatu olde baten hasiera besterik ez ote diren bi egunotan gertatutakoak; ez ote diren Doku Umarov buruzagi txetxeniarrak otsailean esandakoa baieztatzen ari: «Operazio militarren gunea lurralde errusiarrera hedatuko da. Gerra euren hirietara iristen ari da», esana du Umarovek.

Txetxeniako gerrillak Moskuko erasoen ardura hartu duenetik, kezkak ekintza bihurtzeko prest agertu dira Errusiako agintariak. «Ipar Kaukasoren kontra borrokan ari gara, eta horrela jarraituko dugu», Dmitri Medvedev presidenteak argitu duenez. Putinek esan duen bezala, harentzat ere «kate bereko katebegiak» dira bi atentatuok, talde bereko ekintzaileek egindakoak, eta «etsai bakarra daukate: Errusia. Hura suntsitu eta gizarte zibila deuseztatu nahi dute, baina ez dute lortuko».

Azkenaldian errusiarrek horrelako ekintzak saihesteko hartu dituzten neurri bereziak nahikoa izan ez direla eta, kritikak jaso dituzte herritarrengandik eta oposizioarengandik; izan ere, Errusiako agintariek nabarmendu izan dutenez, «kontrolpean» daude Errusian gerta daitezkeen erasoak. Txetxeniako gerra ere amaitutzat jo zuten iaz, eta orduz geroztik normaltasun itxura ematen saiatu dira, tentsioa agerikoa den arren.

Hala ere, atentatu suizidek beste behin erakutsi dute oso zaila dela horiek kontrolatzea, eta sarraskia eragiteko tresna egokiak dira. Errusiako segurtasun indarrak inteligentzia informazioegokia eskuratzen ari direla esan dute, etorkizuneko atentatuak saihesteko modurik onena horixe delako.

Moskuko segurtasun neurriak hirukoiztu dituzte dagoeneko, batez ere metroan, eta horrez gainera, hainbat auzo eta gune industrialetan miaketak hasi dituzte, batez ere Ipar Kaukasotik eta Asia erdialdetik Moskura joandako biztanleen etxeetan.

Inteligentzia zerbitzuetarako informazio sareak, baina, alarman jarri ditu immigranteak.Sova taldearen ustez, «immigranteen kontrako jazarpena areagotu egingo da segurtasunaren izenean, eta kanpotarra izateagatik susmagarri egingo dute edonor». Moskun atentatuak izan bezain laster erasoak izan ziren haien kontra metroan eta inguruan. Egun horretan bertan hamabi eraso bortitz zenbatu zituen Sovak, Moskun.

Jarrera xenofoboak izugarri hazidira, gainera, azken hamarkadan, eta, Sovaren arabera, agintarien eta komunikabideen jarrerak ez ditu horiek areagotu baino egiten. 2,5 milioi immigrante dauzka Errusiak; pertsona gehien jasotzen duen bigarrena da munduan, AEBen atzetik.

Atentatu gehiago

Aurten, erasoak ugaritu egin dira Ipar Kaukason. Urtarrilean, Dagestango hiriburuan, Makhatxkalan, ekintza suizida batean sei polizia hil eta hamalau pertsona zauritu ziren. Hori izan da Dagestango hiriburuan gerrillari islamistek egindako erasorik larriena, baina ez bakarra. Inguxetian ere hainbat eraso izan dira, iazko abuztukoa handiena. Hogei lagun hil zituen suizida batek.



Moskuko metroko atentatuan hildakoak 39 dira, eta 95 zaurituak

Errusiako agintariek eman dituzten datu ofizialen arabera, 39 izan dira joan den astelehenean Moskuko metroko atentatuetan hildakoak, eta 95, berriz, zaurituak. Atzo 78 pertsonak jarraitzen zuten oraindik ospitalean. Jada identifikatu dituzte bi hildako ez beste guztiak, eta atzo haietako asko lurperatzeko eguna izan zen.

Bi ustezko emakume suizidak ere identifikatzeko moduan geratu dira, Poliziak zabaldu dituen irudiek erakusten dutenez, eta haiek lehenbailehen identifikatu ahal izateko zabaldu dituzte.

Haiekin beste hiru lagun sartu ziren metrora, kamerek grabatu dutenez, eta horien bila dabiltza. Poliziaren arabera, litekeena da horiekkokaleku finko bat izatea Moskun, eta gordeta egotea. Beste atentatu bat egiteko prest egon daitezkeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.