Damaskok trantsizio plan bat prest duela diote Libanoko hedabideek

AEBei eta Errusiari sei puntuko bide orri bat aurkeztekotan legoke Siriako Gobernua

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Siriako Gobernuak trantsizio politiko bat egiteko sei puntuko plan bat prest duela argitaratu dute Libanoko Al-Akhbar egunkariak eta Al-Manar telebistak—Hezbollah alderdi xiitaren hedabidea—. Hurrenez hurren, honako hau litzateke bide orria: su-etena ezartzea, nazioarteko behatzaileek egiaztatzea, konstituzioa aldatzeko batzorde bat sortzea, batasun nazionaleko gobernu bat eratzea, 2014rako parlamenturako hauteskundeak egitea eta horietara Baxar al-Assad presidenteak aurkezteko aukera izatea. Al-Akhbar-ek eta Al-Manarrek Siriako Gobernuko kideak aipatu dituzte iturritzat.

Horren arabera, Damaskoren asmoa da Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak, Mikhail Bogdanov Errusiako Atzerri ministrordeak eta William J. Burns AEBetako Estatu idazkariordeak aurki eginen duten bileran planari oniritzia ematea. Horren ondotik, NBEren Segurtasun Kontseiluak onar dezala nahi du Siriako Gobernuak.

Balizko presidenteordea

Argitaratutako informazioan, aipagarria da batasun nazionaleko gobernuko presidenteordetzarako hautagai gisa Haytham Manna legokeela —Al-Assadek presidente izaten jarraituko luke—. Manna oposizioko NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeko kidea da, eta ACHR Giza Eskubideetarako Batzorde Arabiarreko sortzailea. Parisen bizi da. NCC plataforma ezkerreko alderdiek osatzen dute, eta ez da integratu NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioko Indarren Koalizio Nazionala erakunde handiagoan. Manna oso kritiko agertu da NCSROFrekin, erakunde hori bide militarren alde dagoelako, eta beste herrialdeek zuzentzen dutela egotzi dio.

Saudi Arabia da NCSROFri erabateko babesa erakutsi diotenetako bat. Oposizioko hainbat talde armatu ere finantzatzen ditu. Saud al-Faisal Atzerri ministroak adierazi du trantsizio politikoa «bakean» egin beharko litzatekeela, baina Siriako Gobernuari zilegitasuna ukatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.