ROJ TV telebista kurduak Danimarkatik emititzen jarraituko du. Kopenhageko Gortearen esanetan, telebista kurdua «ez da legea urratzeko tresna moduan erabili», eta, beraz, ezin zaio emititzeko baimena kendu. Gainera, Danimarkako legearen arabera, kateari ezin zaio lan egitea debekatu, zigor hori soilik pertsonei ezartzen zaielako. Dena den, 350.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri dio Gorteak, PKK Kurdistango Langileen Alderdiak katea finantzatu duela leporatuta. Epaiaren arabera, telebista kurduak eta Mesopotamia Broadcast katearen jabeak «PKKren propaganda zabaldu zuten 2008tik 2010eko irailera bitartean».
Zigor ekonomikoa, Fiskaltzak eskatutakoa baino txikiagoa da; izan ere, 1,3 milioi euroko isuna eskatu zuen, eta katea ixteko ere bai. Defentsaren esanetan, aldiz, epaia politikoa izan da, eta Turkiaren presioan erori izana leporatu dio Danimarkari. Bjorm Elmquist defentsako abokatuaren hitzetan, epaia ROJ TVren adierazpen askatasunaren aurkakoa da: «Danimarkako Justizia osorik aztertuko dugu. Telebistaren aurkako salaketak ez du oinarri juridikorik». Elmquistek Turkiari eta AEB Amerikako Estatu Batuei leporatu die telebista kurdua ixteko presioa egin izana.
Duela bost hilabete hasi zen ROJ TVren aurkako epaia Danimarkan. Defentsak gogorarazi duenez, 2005ean Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek argi utzi zuen telebista kurduaren aurkako jarrera, eta, beraz, horrek agerian utzi du epaia politikoa izan dela. Erdoganek prentsaurreko batetik alde egin zuen Kopenhagen, ROJ TVko bi kazetari bertan zeudela ikusi zuelako. Erdoganek esan zuenez, «aretoan ez dago biontzako lekurik, eta, beraz, gutako norbaitek alde egin beharko du». Danimarkako agintariek, ordea, ROJ TVren adierazpen askatasunaren alde egin zuten orduan. Mendeku modura, Erdoganek Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiaren izendapena oztopatu zuen denbora batez.
Etengabeko erasoak
ROJ TV 1995ean sortu zen, eta ordutik Turkiak etengabe zigortu du katea. Belgikan ireki zuen estudioa, baina Turkiak bultzatuta, 1996an Polizia telebistaren Belgikako egoitzan indarrez sartu zen, eta bertako artxiboak eta materiala hartu zituen. Hurrengo urtean, Turkiako Gobernuak Abdullah Ocalan kurduen buruzagia atxilotu zuen, eta telebistaren aurkako erasoak gogortu egin ziren. Turkiak bultzatuta, Erresuma Batuak eta Frantziak emititzeko baimena kendu zioten, eta, azkenik, Danimarkan emititzen hasi ziren 2004an.
Telebista kurduaren aurkako eraso handiena 2011ko martxoaren 4an izan zen. Belgikako Poliziak, Turkiako laguntza erabilita, ROJ TVren egoitza suntsitu zuen; 1,2 milioi euroren kalteak eragin eta dozenaka lagun atxilotu zituzten.
ROJ TVk betidanik ukatu du PKKrekin loturarik izatea, eta Turkiari leporatu dio katea ixteko ahaleginak egitea. Danimarkako Irrati eta Telebista Batzordeak ROJ TVren aldeko bermea ezarri du epaian, eta telebistaren jarduera defendatu du.
Danimarkak ez du itxiko ROJ TV telebista kurdua, baina diru zigorra ezarri dio
PKK-k finantzatu duela leporatu dio kateari Kopenhageko Gorteak, eta 350.000 euro ordaindu beharko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu