Mahomaren karikaturak

Danimarkako enbaxadak Indonesiatik alde egiteko aholkatu die bere herritarrei

Danimarkako egunkari batek Mahomaren karikaturak argitaratu zituelako piztu den krisia asko gaiztotu dela eta, Indonesian diren danimarkarrei herrialde hartatik alde egiteko aholkatu die Danimarkako enbaxadak. Ostiraletik itsita dago Europako herrialde horrek Jakartan duen enbaxada, karikaturekin suminduta sentitu direnen jomuga izan eta gero. Gainera, haserrea ez da baretzen: Norvegiako soldaduen kanpamendu bati harrika eraso diote Afganistanen.

2006ko otsailaren 7a
19:35
Entzun 00:00:0000:00:00
Izan ere, "adierazpen askatasunaren defentsan" gerora Europako beste hainbat egunkarik Mahomaren karikatura horiek argitaratu badituzte ere Danimarkako egunkari bat eta Norvegiako beste bat izan ziren aurrenekoak Islamaren jarraitzaile askori "iraingarriak"iruditu zaizkien marrazkiak argitaratzen.

Karikaturen ondorioz, Europako enbaxada eta bulego diplomatikoen aurkako protesta eta erasoak izan dira Islama erlijio nagusi den hainbat herrialdetan, baina, bereizki, Danimarka eta Norvegiaren aurka egin dute. Hori dela eta, Danimarkaren Indonesiako enbaxadak herrialde horretatik alde egiteko aholkatu die bere herritarrei. Era berean, gaur goizean Norvegiako soldaduen kanpamendu bati eraso diote Afganistanen, harrika.

Manifestari bat hil da kanpamenduaren aurkako erasoan

Zehazki, Meimanen izan da erasoa, eta 200-300 bat lagunek hogei bat soldadu norvegiar aterbetzen dituen kanpamendu baten aurka ekin diote harrika. Meimaneko erietxeko iturriek jakinarazi dutenez lau manifestari hil dira gaurko protestaldian. "Oraingoz lau hilotz iritsi dira erietxera eta hamabost lagun zaurituta daude". Antza denez, Norvegiako soldadu batek tiro egin ostean hil da manifestaria. Era berean, Afganistango manifestariak NATOko indarren aurka borrokan aritu dira herrialdeko hainbat lekutan. Afganistanen ezezik Iranen eta Nigerren ere egin dituzte gaur manifestazioak. Nigerren esaterako milaka lagun bildu dira modu baketsuan Mahomaren karikaturak argitaratu zituzten egunkarien aurka protesta egiteko.

Holokustoari buruzko karikaturen lehiaketa

Hamshahri Irango egunkari garrantzitsuenetakoa da eta holokaustoari buruzko karikaturarik onena bilatzeko lehiaketa antolatuko du. Modu honetan, Irango egunkariak egiaztatu nahi du ea mendebaldeko egunkariek berdin aipatzen duten prentsa askatasuna judutarren aurkako sarraskia hizpide hartuta, Mahomaren karikaturekin egin duten bezala.

Egunkariak jakinarazi duenez, lehiaketa otsailaren 14an jarriko dute martxan eta gonbita luzatu diete karikatura egile atzerritarrei. Hamshahri egunkariak Mendebaldea holokaustoaren gaineko karikaturekin zein irekia den ikusi nahi du. Egunkariarekin batera, Teherango Karikaturen Etxea izeneko erakusketa areto batek antolatzen du lehiaketa.

Txinako Gobernuak ere Europako egunkariak kritikatu ditu Mahomaren karikaturak argitaratzeagatik eta lasaitasunerako deia egin du. Kong Quan Txinako Atzerri ministroak gaur egindako adierazpenen arabera erlijio eta zibilizazio ezberdinek elkar errespetatu eta elkarrekin bakean bizi behar lukete. Karikatura horiek argitaratzea, baina, oinarrizko printzipio horren aurkakoa da Txinako Atzerri ministroaren aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.