Mundua

Darfurreko haurrak ateratzeko saioagatik atxilotutako 16 lagunak auzipetu ditu Txadek

Adingabekoen bahiketa leporatzen diete Zoeren Ontzia elkarteko sei kide eta hiru kazetari frantziarrei. Kataluniako Ginerjet hegazkin enpresako zazpi langileei, berriz, haien konplize izatea egozten diete. Euskal Herriko sei familiak ume horiek etxean hartu behar zituzten.

2007ko urriaren 30a
09:50
Entzun
Behin-behineko atxiloketa aldiko epea amaituta, Darfurreko haurrak handik atera eta Europara eramateko saioa egiteagatik atxilotutako 16 lagunak auzipetzea erabaki du Txadeko Justiziak. Hala, bederatzi laguni -Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakundeko sei kideri eta hiru kazetariri (Frantziako Estatuko herritarrak dira guztiak)- adingabekoen bahiketa eta iruzurra leporatu diete. Beste zazpi lagunak Kataluniako hegazkin enpresa bateko langileak dira, hain zuzen ere, Zoeren Ontzia elkarteak umeak garraiatzeko kontratatu zuen hegazkin konpainiakoak. Konplize izatea egotzi diete zazpi horiei.

Frantziako eta Espainiako gobernuetak ordezkariak eta diplomatikoak Txadeko agintariekin harremanetan dira 16 lagun horiei zein irtenbide eman aztertzeko. Hala ere, bi estatuetako agintariek, eta, oro har, nazioarteko komunitateko erakundeetakoek, gaitzetsi egin duteZoeren Ontzia elkartearen ekimena.

Aldiz, Zoeren Ontziko kideek eta haren inguruan haurrak aterbetzeko sortutako familia sareek oso bestelako ikuspegia eman dute gertatutakoaren inguruan. Argi utzi dute aspaldiltik ari zirela ekimena prestatzen, Frantziako eta Txadeko gobernuek bazutela egitasmoaren berri, eta Darfurko gatazkaren ondorioz hil edo biziko egoeran dauden ehunka haur salbatzea zela beren xedea. Harrera familia horien arteko batzuk Euskal Herrikoak dira, zehazki, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko sei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.