Amagoia Gurrutxaga Uranga.

Datu berririk gabe hasi da Benedikto XVI.aren mirabearen aurkako auzia

2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Goizeko bederatzi eta erdiak ziren. Kanpai txiki baten tintinak deitu zituen epaileak, akusatuak, abokatuak, lekukoak eta kazetariak Vatikanoko Auzitegiaren aretora. Areto biluzia, hogei bat aulki eta mahai ilunekin. Sartu aurretik, nazioarteko zortzi hedabidetako kazetariek grabagailu eta kamera guztiak kanpoan utzi behar izan zituzten, papera eta bolalumak Vatikanoaren kontura eskuratu zituzten, ezer ez zedin grabatu. Ez alferrik, Vatikanoan inoiz ezagutu den epaiketa mediatikoena hastera zihoan.

Minutu batzuk lehenago heldua zen eraikinera Paolo Gabriele, Paoletto. Sei urtez Benedikto XVI.aren itzala izandakoak, haren mahaira esertzen zen 46 urteko mirabeak, une bakarrean aldatu zuen aurpegiera, abokatuari barre txiki bat eskaintzeko. Gainontzean, serio demonio entzun zituen bi ordu eta laurdenean batzuen eta besteen hitzaldiak.

Vatileaks ezizenez ezaguna egin da Joseph Ratzingerren agiri sekretuak zabaldu zireneko eskandalua. Gabriele zerbitzariari leporatzen diote agiriok Benedikto XVI.aren idazkari partikularraren bulegotik lapurtzea eta agiriok prentsara filtratzea. Maiatzaren 23an bere etxean atxilotu zuten mirabea, eta prentsak haizatu berri zituen Ratzingerren gutun sekretuak atzeman zizkioten han.

Eskandalua eta testigantzak

Urtearekin hasi ziren filtrazioak. Carlo Maria Vigano artzapezpikuak Ratzingerri Vatikano barruko hainbat ustelkeria kasuren berri ematen zion gutunarenaizan zen lehena. Gehiago etorri ziren segidan, eta Vatikanoa ustelkeria, ezinikusi eta botere lehiaz beteriko etxe gisa agertzen hasi zen iritzi publikoaren aurrean.

Ratzingerrek berak auzia ikertzeko sortu zuen Kardinalen Batzordeak 30 bat testigantza jaso zituen, baina testigantza horiek prozesuan ez onartzea erabaki zuten atzo Giuseppe della Torre, Paolo Papanti Pelletier eta Venerando Marano epaileek. Arrazoia, Zuzenbide Kanonikoaren arabera sortu zela batzorde hori, atzo hasitako epaiketa Vatikanoaren Zigor Kodearen araberakoa dela eta ezkontezinak direla bata eta bestea.

Atzoko saioa teknikoa izan zen batez ere, adituen esanetan, eta ez zuen datu berririk eman. Gabrielek ustez izan zituen laguntzaileen nortasunari buruz ere ez zen ezer esan. Instrukzio idazkietan B, Y, W eta Z izkiekin izendatzen dituzte laguntzaileok

Gabrielerekin batera, Claudio Sciarpelletti Vatikanoko informatikoa ere epaiketara deitua zegoen, Paoleto babestea egozten diotelako, baina ez zen aurkeztu, osasun arrazoiak argudiatuta. Epaimahaiak informatikaria aparte epaitzea erabaki zuen atzo. Gabrieleren aurkakoak asteartean segituko du. Bere burua erruduntzat joa du. Lau urteko kartzela zigorra jaso dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.