AEB-ak

Dave Bieterrek Boiseko alkatetza galdu du, hamasei urteren ondoren

Lauren McLean alderdikideak ordezkatuko du Bieter; haren udal gobernuko zinegotzia izan da azken agintaldian.

Bieter bart, hauteskunde gauean. @SCOTTLOGANKBOI
Andoni Imaz
2019ko abenduaren 4a
09:20
Entzun

Ia hamasei urteren ondoren, Boisek (Idaho, AEB) alkate berri bat izango du: Lauren McLean demokrata. Botoen %65,5 lortu du hauteskundeen bigarren itzulian, eta atzean utzi du Dave Bieter euskal jatorriko politikaria. Duela hilabete egin zuten hauteskundeen lehen itzulia, eta orduan ere McLeanek aurrea hartu zion Bieterri; botoen %45,7 lortu zuen batak, eta %30,3, berriz, besteak. Irabazleak %50eko babesa lortu ez zuenez gero, bigarren itzulia egin behar izan dute bi hautagai horien artean bakarra aukeratzeko. Alderdikideak dira biak, eta McLean Bieterren udal gobernuko zinegotzia izan da azken agintaldian.

Bieter 2003. urtean iritsi zen Boiseko alkatetzara, eta kargua berritu zuen 2007ko, 2011ko eta 2015eko hauteskundeetan. Aurreko bozetan, %69ko babesa izan zuen. Boisek izan duen alkate demokrata bakarra izan da orain arte, baita hirian luzeen agintean egon den alkatea ere.

Joan den astean, hauteskundeen kanpaina zikindu izana leporatu zion Bieterrek haren aurkariari: esan zuen herritar batek ohartarazi ziola McLeanen kanpainako boluntario batzuek «euskal mafiarekin» lotu zutela. Bieterrek  onartezintzat jo zuen hori, eta barkamena eskatzeko galdegin zion haren aurkari politikoari. «Euskal amerikarra izateaz harro nago. Boisekoa izateaz harro nago. Artzain baten alaba izanik, nire amak ulertu zuen komunitate batean ongi etorria izatearen garrantzia, Boisek gure familiari duela ehun urte baino gehiago egin bezala», adierazi zuen.

Botoak zenbatu berritan, McLeanek Twitterren bideo bat zabaldu du goizaldean, esanez Bieterrek zoriondu egin duela hauteskundeak irabazteagatik, eta eskerrak eman nahi dizkiola hari «urte hauetan guztiotan herriarentzat egin duen guztiagatik».

Imanol Galdosek Boiseko agertoki politikoa gertutik aztertu du, tesi bat lantzen ari baita Boiseko eta Donostiako gobernatze ereduak alderatzeko eta kulturak bi hirien garapenean duen pisua aztertzeko. Horrez gain, umetatik du lotura Bieterrekin, beren bi sendiek harreman estua egin baitzuten haurrak zirela. Hauteskundeen lehen itzuliaren ondoren, Galdosek BERRIAri azaldu zion Bieterren irudia higatu egin dela, eta hori hamasei urtez agintean egotearen ondorio «normala» dela. Gainera, McLeanek «aldaketaren eta berrikuntzaren ordezkari» gisa agertzen jakin duela uste du: «Sektore berriekin konektatzen jakin du. Emakumeekin eta gazteekin, bereziki».

Horrez gain, Galdosek adierazi zuen espero zuela Bieterren ibilbide politikoa ez amaitzea alkatetza galduz gero: «Idaho beti izan da estatu oso errepublikanoa, baina demokrata bat gobernadore bihurtzeko gai bada, hori Bieter da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.