AEB-ak

Lehen itzulia galduta, Boiseko alkatetza galtzeko arriskuan da Bieter

Lauren McLean demokrata eta Dave Bieterren alderdikidea izan da boto gehien lortu dituen hautagaia. Abenduaren 3an egingo dute bigarren itzulia, eta orduan erabakiko da bietako nor izango den alkate. Bieter 2003tik dago agintean.

Andoni Canellada/Foku

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko azaroak 7

Dave Bieter euskal jatorriko politikari demokratak Lauren McLean alderdikidearekin lehiatu beharko du bigarren itzulian, aurrerantzean ere Boiseko (Idaho, AEB) alkate izateko. Bieter izan da boto gehien lortu dituzten hautagaietan bigarrena, asteartean, AEBetako Idaho estatuko hiriburuan izan ziren bozetan. Bieterrek botoen %30,3 eskuratu zituen. Haren aurretik gelditu da McLean azken agintaldian Bieterren udal gobernuko zinegotzi izan dena, botoen %45,7 lortuta. Irabazleak ez du lortu %50eko babesa, eta, beraz, bigarren itzulian hautatu beharko dute herritarrek boto gehien lortu dituzten bi hautagaien artean. Bigarren itzulia abenduaren 3an izango da.

Bieter 2003an iritsi zen Boiseko alkatetzara, eta kargua berritu zuen 2007ko, 2011ko eta 2015eko hauteskundeetan. Azken bozetan, %69ko babesa izan zuen. Boisek izan duen alkate demokrata bakarra izan da, eta orain alderdikide batekin neurtu beharko ditu indarrak bigarren itzulian. Hirian luzeen agintean egon den alkatea ere bada —16 urte egin ditu—.

Imanol Galdosek Boiseko agertoki politikoa gertutik aztertu du, tesi bat lantzen ari baita Boiseko eta Donostiako gobernatze ereduak alderatzeko eta kulturak bi hirien garapenean duen pisua aztertzeko. Horrez gain, umetatik du lotura Bieterrekin, beren bi sendiek harreman estua egin baitzuten haurrak zirela. Galdosen iritziz, hainbat faktorek gastatu dute Bieterren irudia hautesleen aurrean. Lehenik eta behin, azaldu du 16 urtez agintean egotearen ondorio "normala" dela. Horri gehitu behar zaio McLeanek "aldaketaren eta berrikuntzaren ordezkari" gisa agertzen jakin duela, nahiz eta azken agintaldian Bieterren gobernu taldeko zinegotzi izan den. "Sektore berriekin konektatzen jakin du. Emakumeekin eta gazteekin, bereziki".

Bieterrek hirirako bultzatu dituen bi proiekturen inguruko eztabaidak ere McLeanen onurarako izan direla uste du Galdosek. Alkateak liburutegi berri bat eta futbolerako eta beisbolerako estadio bat eraikitzeko proiektuak bultzatu ditu, eta herritarren artean kontrako mugimenduak sortu dira. Kontra daudenak kexatu egin dira udalak diru gehiegi gastatuko zuela eta estadioak inguruko bizilagunen bizimodua aldatuko zuela eta.

Galdosek nabarmendu du Bieterrek Boise eraldatu duela agintean egon den urteetan. "Boise hiri erakargarria bihurtu du alderdi askotatik". Horren ondorioz, AEBetako mendebaldeko hirietatik jende ugari joan da hara bizitzera. "Hiri merkea izan da, eta azken urteetan garestitu egin da". Hazkunde horren kontrako mugimendua ere sortu da Boisen, eta, Galdosen esanetan, McLeanek kezka horrekin bat egin du.

Galdosek ez du uste Bieterrek bigarren itzulian nagusitzeko aukera handirik duenik, hirugarren eta laugarren tokian gelditu diren hautagai errepublikanoak oso kritiko agertu direlako harekin, eta ez duelako aurreikusten Bieterren aldeko botoa eskatuko dutenik. Hala ere, alkatetza galduz gero, Bieterren ibilbide politikoaren amaiera ez izatea espero du. "Idaho beti izan da estatu oso errepublikanoa, baina demokrata bat gobernadore bihurtzeko gai bada, hori Bieter da".

Boiseko alkate euskalduna

Bieter 60 urteko abokatua da, Ameriketara joan ziren euskal artzainen ondorengoa. 1999an sartu zen politikagintzan: bi gurasoak auto istripuz hil zirenean sartu zen Idahoko Ordezkarien Ganberan, Pat aitak utzitako hutsunea betetzeko lehian nagusitu ondoren. Geroztik, berriro ere hautatu zuten Ordezkarien Ganberako kide, Idahoko 19. barrutiko ordezkari.

Amarengandik datozkio, berriz, euskara eta Euskal Herriarekiko kezka. Eloise Garamendia, jatorri bizkaitarrekoa, Boiseko euskal komunitatean oso ezaguna zen, eta hala dira orain ere Dave bera, eta haren anai-arrebak: Chris epailea eta John eta Mary irakasleak, denak euskal hiztunak.

Aitona, artzaina, Larrabetzukoa zuen. Amona, berriz, Lekeitiokoa (Bizkaia). Euskal gatazkan ere bere aletxoa jarri zuen: 2002ko martxoan Peter Cenarrusa, orduko Idahoko Estatu Idazkaria eta beraren ekimenez Idahoko Memoriala, Euskal Herriko autodeterminazio eskubidearen aldeko memoriala, bultzatu zuten, eta Estatuko Ordezkarien Ganberan eta Senatuan onartua izan zen. Donostiako Alkateen Konferentzian ere parte hartu zuen, 2013ko urrian, autodeterminazioaren aldeko aldarria eginez.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna