Haiti

DEAk dio Haitiko atxilotutako batek informazioa ematen ziola agentziari

Atxilotuetako zenbaitek FBIrekin harremana zutela ere zabaldu du CNN telebistak.

Bi polizia agente Port-au-Princen, atzo. ORLANDO BARRIA / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 13a
09:51
Entzun

Egunetik egunera informazio berria ari da azaleratzen Haitiko presidente Jovenel Moisen hilketarekin lotuta atxilotutakoen inguruan. Horrekin batera, auziaren zipriztinak geroz eta leku gehiagotara iristen ari dira, eta bete-betean busti dute DEA AEBetako Drogen Aurkako Agentzia. CNN telebista kateak zabaldu duenez, presidentearen hilketaren ondoren egindako polizia operazioan atxilotuetako zenbaitek harremana zuten AEBetako segurtasun indarrekin, eta haietako batek, gutxienez, DEAri informazioa ematen zion.

Agentziari egindako kontsulta baten ondoren eman du albistea CNNk. «Susmagarrietako bat DEAren iturri konfidentzial bat zen, tarteka», adierazi dio agentziak hedabideari, komunikatu batean. «Moise presidentearen hilketaren ostean, susmagarria DEAren bere kontaktuekin harremanetan jarri zen. Haitirako lan egiten duen DEAren funtzionario batek susmagarriari eskatu zion bere burua entregatzeko bertako agintarien aurrean, eta, AEBetako Estatu Departamentuko funtzionario batekin batera, Haitiko Gobernuari informazioa eman zion. Informazio horrek susmagarria eta beste pertsona bat atxilotzen lagundu zuen», azaldu du DEAk.

Presidentea hil eta gutxira, gertakariaren bideo bat zabaldu zen zenbait hedabidetan, eta bertan hainbat lagun ageri ziren, DEAren polizia operazio bat simulatzen. Agentziak, hasiera batean, ukatu egin zuen erasotzaileak bere langileak zirenik, baina orain, lehenengoz, onartu du bazuela nolabaiteko lotura haietako batzuekin.

CNNren arabera, ez dira horiek AEBekin lotura duten susmagarri bakarrak. «Auziaren inguruko jakintza duten pertsonak» iturritzat aipatuz, hedabideak dio atxilotuetako batzuek informazioa ematen ziotela FBI Ameriketako Estatu Batuetako Ikerketa Bulego Federalari. Horren inguruan galdetu dio CNNk FBIri, baina hark erantzun dio ez duela bere iturrien inguruko informaziorik emango, eta nabarmendu du informazioa lortzeko «iturri legalak» erabiltzen dituela.

Herenegun, AEBetan jarduten duen enpresa pribatu batek, CTU Securityk, gertakariarekin izan dezakeen lotura ezagutu zen. Haitiko Poliziak Christian Emmanuel Sanon atxilotu zuen, hilketaren «egile intelktualtzat» jotzen duena, eta uste du CTU Securityren kontaktuan jarri zela, eta hala batu zituela hilketa gauzatu zutenak.

Pasa den astean hil zuten Moise, bere bizilekuan. Armatutako hainbat lagun etxe barrura sartu, eta tirokatuta erail zuten. Haren emazte Martine Moise larri zauritu zuten, baina arriskutik kanpo dago, eta herenegun egin zituen lehen adierazpenak erasoa gertatu zenetik. Haitiko oligarkiarekin lotu zuen erasoa, eta presidenteak egin asmo zituen aldaketak izan ziren horretarako arrazoia, haren esanetan: «Mertzenarioak bidali zituzten presidentea bere etxean hiltzera, bere senideak bertan zeuden bitartean, eta horren arrazoiak dira errepideak, ura, argia, erreferenduma nahiz hauteskundeak, ez baitute nahi herrialdean trantsiziorik egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.