Mexikoko Yucatan penintsulan indartsu sartuko da Dean urakana gaur. Karibe itsasoko ekialdetik iparraldera egin ondoren, Saffir-Simpson eskalan bosteko intentsitatea, hau da, urakanak neurtzeko eskalan maila handiena lortuko du. Halaxe aurreikusi zuen atzo AEB Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentro Nazionalak. Karibe itsasoko ekialdetik egin du Dean-ek Mexiko alderantz, eta dagoeneko gutxienez bederatzi dira hildakoak. Aitzitik, Dominikar Errepublikako bost arrantzale itsasoan galduta daude igandetik. Haitin ere hiru pertsona galdu ziren urakanagatik, eta gaurdaino ez dituzte aurkitu.
Urakana Mexikora gaur goizaldean iritsiko dela uste dute adituek. Horregatik, neurri bereziak hartu dituzte. «Oso serio hartu beharreko kontua da Dean urakana, astelehen gauean edo astearte goizaldean bortizki joko baitu Yukatan, seguru asko maila goreneko indarrarekin», ohartarazi du Urakanen Zentro Nazionaleko bozeramaileak. Turista askok ihes egin dute lurraldetik, baina beste hainbatek bertan geratzea erabaki dute. Izan ere, Cancun eta Playa del Carmen hirietan ez du hainbeste eragingo urakanak. Biak Yucatan iparraldean kokatutako turismo guneak dira. Urakanak, batez ere, hain turistikoak ez diren hegoaldeko hainbat eremutan eragingo ditu kalteak.
Urakanen eskalan laugarren mailako indarra hartu zuen Dean-ek Jamaika mendebaldetik igarotzean. Hala ere, haizeak eta euriak etxeak suntsitu, zuhaitzak sustraietatik atera eta uholdeak eragin zituen uhartean. Ondorioz, hilabeteko larrialdi egoera ezarri du Gobernuak uhartean. Portia Simpson Miller Jamaikako lehen ministroak azaldu du, urakanaren eraginez, 350.000 inguru jamaikar direla kaltetuak; esan du, orobat, segurtasun gabeko egoera probestuz arpilatzeak hasi direla 240 kilometro orduko abiadurarekin Kuba eta Caiman Irlak atzean utzi zituen atzo Dean-ek, eta Belize eta Mexikora bidean jarri zen, indartsu. Indartuz zihoan heinean, ordea, kalte nabarmenak eragin zituen uharte horietan guztietan. Handiagoak gerta ez zitezen, eremu arriskutsuenetatik toki seguruetara desplazatu zituzten ehunka herritar.
GUTXIENEZ BEDERATZI HIL.Dean urakanak gutxienez hil bat eragin du Santa Luzia uhartean, bi Dominican, bi gehiago Dominikar Errepublikan etahiru hil Haitin. Haien gorpuak aurkitu ez badituzte ere, Haitin galdutako hiru pertsonak eta Dominikar Errepublikan urakanak itsasora bota zituen bost arrantzaleak bizirik aurkitzeko itxaropen handirik gabe daude.
Bestalde, AEBetan Endeavour espaziontziaren itzulera egun bat aurreratu dute. Bihar zen lurreratzetakoa Cañaveral lurmuturrean (Florida, AEBak). Dean-ek iparraldera egiten duen heinean espaziontziaren lurreratzea zaila bihurtuko dela uste dute, ordea, eta horregatik, gaur bertan iritsiko da Floridara.
Halaber, Yucatan penintsulan indartu eta iparraldera egiten duen neurrian indarra galduko du urakanak, eta, hortaz, Mexiko erdialdera eta gero Floridara iristen denerako urakana ekaitz tropikal izango da. Hortik aurrera, ez du arrisku handirik ekarriko.
'Dean' urakanak gaur hartuko du indar handiena, Mexikora iristean
Urakanagatik bederatzi lagun hil eta zortzi pertsona galdu dira; Jamaikan larrialdi egoera ezarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu