Deklaratu bai, baina erantzun ez

Aizoon sozietatearen kudeaketaz galdetuta, erantzukizun oro ukatu du Cristina Borboikoak epailearen aurrean

Ion Orzaiz.
2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ez dakit, ez dut gogoratzen, ez nago ziur». Lekukoen arabera, horiexek izan ziren Cristina Borboikoak epailearen aurrean gehiagotan errepikatu zituen hitzak. Jose Castro Palmako auzitegiko epaileak urtarrilean inputatu zuen Espainiako erregearen alaba, Noos auzian nahasita egon zitekeela iritzita, eta estatuko aparatuek jarritako trabak gaindituta, atzo egin zion galdeketa. Magistratuak, alta, ez dio Cristina Borboikoari aitorpen txikiena ere atera.

Ateak itxita egin zuten atzoko saioa Palmako auzitegian, eta, beraz, kazetariek ez zuten Juan Carlos Borboikoaren alabak esandakoa aditzeko aukerarik izan, baina, herri akusazio gisa diharduen Somos Mayoria (gehiengoa gara) elkarteko abokatu Manuel Delgadoren esanetan, epailearen galdera gehienak erantzun gabe utzi zituen inputatuak. «Ia kasu guztietan, erantzun saihesgarriak erabili ditu: 'ez dakit', 'ez nago ziur', 'ez dut gogoan' edo 'hori egiteko esan zidaten'», azpimarratu zuen Delgadok. «Galderaren batek estuasunean jartzen badu, ez erantzuteko eskubidea du inputatuak, eta eskubide hori zinez baliatu du».

Cristina Borboikoa estu hartzen saiatu zen Castro epailea, eta ustezko diru zuriketa edo zerga iruzur auzi batean nahasita dagoela frogatuko luketen dokumentuak erakutsi zizkion, banan-banan: sinatutako agiriak, fakturak, langileen kontratuak... Espainiako erregearen alabak, baina, erantzukizun oro ukatu zuen: ez zuen oroitzen paper horietako asko sinatu izana, baina hala izan bazen, Iñaki Urdangarin bere senarrarenganako «konfiantzarengatik» izan zela nabarmendu zuen.

Aizoon enpresaren kudeaketa «ilunaz» ere galdetu zion Castrok. Iñaki Urdangarinek eta Cristina Borboikoak %50ean partekatutako sozietatea zen hori, eta azpiegiturarik ez zuen arren, lan ugari fakturatzen zizkien Urdangarinen beste enpresa batzuei.

Magistratuaren aburuz, Cristina Borboikoaren senarrak eta haren bazkide Diego Torresek sortutako Noos Institutuaren «estalkia» besterik ez zen Aizoon, Noosen bidez jasotako diru publikoen zati bat —1,2 milioi euro—, sozietate horretara bideratua izan baitzen. Aizoonen jabeetako bat izan arren, ordea, enpresaren kudeaketaz ezer ez dakiela esan zuen atzo Cristina Borboikoak.

Salsa eta merengue eskolak

Aizoonen izenean ordaindutako gastu pertsonalak ere hizpide izan zituen Castro epaileak. Besteak beste, Harry Potterren zenbait liburu edota merengue nahiz salsa eskola partikularrak azaltzen dira sozietatearen gastuen artean. Espainiako erregearen alabak argudiatu zuen ez zekiela bere kreditu txartelarekin egindako ordainketak Aizoonen kontuan zorduntzen zirenik. «Hala ere, inoiz ez dut salsa edo merenguea dantzatzen ikasi. Flamenkoa bai, duela urte anitz», gaineratu zuen. Castro epailearen galdeketaren ostean heldu ziren Fiskaltzaren, Estatuko abokatuaren eta herri akusazioaren txanda. Aurreneko biek egindako galderei erantzun zien Cristina Borboikoak. Herri akusazioaren abokatuei, berriz, ez.

Saioaren ostean, epaileak eta fiskalak ez zuten galdeketaren gaineko iritzirik plazaratu nahi izan. Miquel Roca defentsaren abokatua izan zen saioaren balorazio positiboa egin zuen bakarra: «Deklarazio eredugarria izan da Cristina Borboikoak egin duena. Justiziarekin kolaboratu du, bere egia propioa azaldu du, eta beraz, frogatuta gelditu da pertsona guztiak berdinak garela justiziaren aurrean».

Zortzi orduko deklarazioaren ostean, Espainiako errege etxearen auto ofizialean alde egin zuen Cristina Borboikoak, auzitegiko atarian pilatutako manifestarien aurretik pasa behar izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.