Komunikabideak

Del Olmok 'El Jueves' aldizkariaren azken zenbakiko aleak erretiratzeko agindu du

Epailearen arabera, umoreko aldizkariak Espainiako erret familiari irain egiten dio.

2007ko uztailaren 20a
18:07
Entzun
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak El Jueves umore aldizkariaren azkeneko zenbakiko ale denak erretiratzeko eskatu dio Poliziari, aldizkariak Espainiako erret familiari iraina egiten diolakoan (epailearen agindua arratsaldeko hirurak aldera jakin da eta hurrengo ordubetean ikus zitekeen 'El Jueves'-en weba, bertan zegoen azala zintzilikatua, baina laurak aldetik ezin da ikusi weba). Fiskaltzak eskatuta aztertu du gaia epaileak.

Hain zuzen, El Jueves-ek Asturiasko Printzeei egiten die irain, Del Olmok uste duenez, sexu irudian agertzen direla-eta. Espainiako Gobernuak ume bakoitzeko emango duen 2.500 euro laguntza da irudiko gaia, eta Asturiasko Printzeak amodioa egiten ageri dira. Testua, Felipe borbondarraren karikaturak esana: "¿Te das cuenta? Si te quedas preñada... ¡Esto va a ser lo más parecido a trabajar que he hecho en mi vida!".

Bartzelonan eta Madrilen irudi horren moldeaz jabetzeko ere eskatu die epaileak poliziei, eta aldizkariaren zuzendariari marrazkiaren egilea nor den esateko eskatu dio. Espainiako Zigor Kodearen 490.3 eta 491 artikuluen arabera, erret familiari irain egiteagatik bi urtera arteko kartzela zigorra ezar dezakete epaileek.

Xabier Sanchez Erauskin euskal kazetaria 80ko hamarkada hasieran kartzelan sartu zuten, Punto y Hora aldizkarian Paseíllo y espantá artikulua idazteagatik -zuzendaria zen bera-, Espainiako erret familia iraindu zuelakoan. 1981ean Espainiako erregeak Gernika-Lumora (Bizkaia) egin zuen bisita zela-eta idatzi zuen artikulua. Urtebeteko kartzela jarri zioten Sanchez Erauskini; ez zen urte osoan espetxe barruan egon denbora guztian, azkeneko hilabeteetan Langraitz (Araba) kartzelara lo egitera baino ez zelako joaten.

Sanchez Erauskinek kontatutakoa da ordukoa, Argia aldizkarian: "Egun haietan -1981ean- Juan Carlos errege espainiarra Gernikara etorri zen eta bisita honekin bateratsu gertatu zen Adolfo Suarezek gobernuburu izateari uztea. Egoera oso konplikatua zen. Hain zen konplikatua, ezen eta handik laster eman baitzuen Tejerok kolpea. Editorial hura lehenagokoa izan zen, eta izenburutzat zeraman 'Paseíllo y espantá'. Paseilloa izan zen erregeak hemen egin zuena, eta espantá Adolfo Suarezen ihesa. Zezenketako hizkera erabiltzeak eman zidan aukera artikulua bukatzeko, esanez paseíllo y espantá horien aurrean, korridaren ikusleen artean, iritzi ezberdinak egon zirela, 'división de opiniones' esaten zena: 'Unos en su padre y otros en su madre'. Hitz horiek izan daitezke egokiak ala ez, isekazkoak edo ez, nork eta nondik begiratzen duen, baina horrelakoak eta handiagoak publikatzen zituzten orduan El Papus aldizkariak eta beste batzuek".

Duela 30 urte sortu zuten El Jueves eta, aipatutakoarekin, 1.573 zenbaki argitaratu dituzte. Astekaria da eta asteazkenetan jartzen dituzte aleak salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.