Demografiak baldintzatzen du kolorea

Nevadan eta Coloradon, hazi egin da azken urteotan etorkinen kopurua, eta hori Obamaren mesederako izaten ari da. Wisconsinek ere demokraten alde egin izan du, baina Romneyk ikusten du aukerarik.

Samara Velte.
2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alde handia dago Obama eta Romneyren kanpainek estatu bati edo besteari ematen dioten arretan; safe states edo estatu segurtzat dituztenetan apenas xahutzen duten diru eta indarrik. Ordea, historikoki alde batera zein bestera egin izan duten swing estatuak dira kanpainaren azken egunotan gudu zelai bihurtu dituztenak. Coloradon, Nevadan eta Wisconsinen, esaterako, bi alderdiek ikusi dute irabazteko aukera; horregatik jarri dituzte milioika dolar estatu horietan kanpaina egiteko. Hain justu, hiru horietara abiatu da Obama, Sandy urakanak eragindako krisiaren ostean berriz kanpainari eutsi dionean.

Coloradon errepublikanoek irabazi izan dute ia beti; azken hamaika bozetako bederatzitan hala egin dute. 2008an, ordea, bederatzi punturen aldea atera zion Obamak George Bush aurkariari. Baliteke errepublikanoak gutxietsi izana Obama efektua; baina baliteke demografia aldaketek Coloradoren joera aldatu izana. Izan ere, AEBetako datu orokorrekin alderatuta, handia da Latinoamerikako etorkinen kopurua, eta goi mailako hezkuntza duten gazte zuriak ere geroz eta gehiago dira. Alderdi Demokrataren mesederako da hori. Hala ere, ekonomia izan dezake aurka: %8,3ko langabezia du Coloradok, AEBetako batez bestekoa baino handiagoa.

Milaren bat kilometro mendebalderago, Nevadan, areagotu egiten da egoera hori. Denbora luzez AEBetako langabezia datu okerrenak izan ditu estatu horrek, baina Las Vegas hiriari esker, populazio hazkunderik handiena ere izan du azken hamarkadan. Horren ondorioz, historikoki kontserbadorea izan den biztanleria aniztu egin da, eta Obamak hamabi punturen aldea atera zion Bushi aurreko bozetan. Inkesten arabera, demografiak ekonomia garaituko du: bietan Obamaren alde egiten dute, ozta-ozta.

Paul Ryan, Wisconsinen

Bestelakoa da Winsconsin: langabezia txikiagoa du, 1988tik beti demokraten alde egin izan du, eta Obamak alde handiarekin irabazi zuen han aurrekoan. Romneyren itxaropena bi datuk pizten dute: batetik, 2000n eta 2004an bozen aldea %1 baino gutxiago izan zela, eta, bestetik, Paul Ryan, errepublikanoen presidenteordea, estatu horretakoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.