mundua

Demokrazia Berria eta PASOK zigortu dituzte hautesleek Grezian

Botoen %99,01 zenbatuta, biek ez dute gobernatzeko adina diputatu lortu. Demokrazia Berria garaile izan da, %18,88ko babesarekin.

2012ko maiatzaren 7a
16:27
Entzun

Demokrazia Berria alderdiak eta PASOK Alderdi Sozialista Panheleniarrak atzera egin dute nabarmen Grezian Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeetan. Demokrazia Berria izan da bozkatuena, baina ez du gehiengoa lortu, eta beraz, ezin izango du boterean bakarrik izan. Atzo izan zuten hauteskunde eguna.

PASOK-ekin ere ezin izango du gobernatu, bien artean ez baitituzte gobernatzeko behar diren 151 diputatu lortu. Bigarren bozkatuena izan da Syriza, ezkerreko askotariko joera duten hamasei alderdik osatzen dute koalizioa (%16,76, 52 diputatu).

Greziako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, botoen %99,01 zenbatuta dagoenean Demokrazia Berriak %18,88ko babesa jaso du —108 diputatu—, eta PASOK-ek, %13,20koa —41 diputatu—. 

Greziar Independenteek %10,59ko babesa jaso dute, Greziako Alderdi Komunistak %8,48koa eta Urre Koloreko Egunsentiak %6,97koa.

Greziako alderdiak gaur hasiko dira negoziatzen. Karolos Papoulias Greziako presidentea Demokrazia Berriko Antonis Samarasekin bildu da, eta koalizio gobernua osatzeko hiru egun dituela ohartarazi dio.

Ezker Demokratikoak baztertu egin du Demokrazia Berriarekin eta PASOK-ekin bat egitea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.