Hafez al Assad diktadorearen jazarpenaren inguruko ikerketa egin zuen Raduan Ziadek. Siriako disidente ezagunenetako bat da, eta horregatik bizi da aspaldian erbesteratuta; George Washington Unibertsitateko Ekialde Hurbilerako Ikerketen Institutuko irakaslea da egun. Hafez al Assaden heriotzaren ostean piztutako iraultzaren sustatzaileetako bat izan zen, 2000. urtean; Damaskoko Udaberrian. Egungo iraultza arretaz jarraitzen ari da Washingtonetik.
Larrialdi Legea bertan behera utzi du Bashar al Assadek. Nahikoa izango al da hori protestak isilarazteko?
Inolaz ere ez. Manifestariek jada ez dute askatasuna aldarrikatzen, erregimena amaitzea da eskatzen dutena. Eta horrek hainbat urrats egitea dakar. Larrialdi Legea indargabetzea ez da aski; presidentetzarako nahiz parlamenturako hauteskundeak egin beharko lirateke. Eta Konstituzio berri bat. Manifestarien aldarria da erregimena bertan behera geratzea, beraz, erregimen honen ordez demokrazia ezartzea beste aukerarik ez daukate Sirian. Siriarrok ez dugu tunisiarrek eta egiptoarrek baino gutxiago eskatuko.
Siriako diktadura erortzen hurrengoa izango dela idatzi berri duzu artikulu batean...
Bai. Siriarrek beldurraren harresia hautsi dute, eta iraultza azkeneraino eramateko prest dira. Siriaren egoera ezberdina izango zela zabaldu zen, baina, agerian gelditu da ez dela salbuespena, ezen iraultzarako baldintza guztiak ditu, are gehiago, iraultza gauzatzeko herrialde ideala da, izan ere, askatasun urraketaz eta ustelkeriaz gain, ekonomiaren porrota erabatekoa da. Herritarren %32 pobrezian bizi da. Horrek haserrea handiagoa izatea dakar.
Larrialdi Legea bertan behera gelditu arren, jazarpena ez da amaitu. Zergatik?
Erregimenak dagoeneko erakutsi du ez duela inolako konpromisorik hartuko neurriekin. Segurtasun indarrek herri osoak hartu dituzte, eta munizioa erabiltzen dute protestalariak sakabanatzeko. Libiako erregimena baino inteligenteagoa da; nazioartera begira hitz leunak baliatzen ditu, baina, errealitatean, hura bezain makurra da. Muammar Gaddafiren miliziak bezala jokatzen ari da; Damaskoko Unibertsitate barruan ere hainbat jende hil zuten. Ekintza horiek argi erakusten dute ez dutela erreformak egiteko inolako asmorik.
Zer egoeratan daude gertatzen ari denaren berri eman nahi duten kazetariak?
Gobernuak galarazia die kazetariei eta berri agentziei herrialdean sartzea, eta atxilotu egiten ditu barruan dauden eta tokian-tokian albisteen berri ematen dabiltzan profesionalak. Larria da egoera. Gaddafiren kontrolpeko lurretan ere bai baitira kazetariak. Siria estu har dezala eskatzen ari gatzaizkio egun hauetan nazioarteari, eta komunikabideei sartzen utz diezaiela gertatzen ari denaren berri eman dezaten.
Zer iruditzen zaizu nazioarteak gertatzen ari denari emandako erantzuna?
Gure ustez, oraintxe hasi da egoera ulertzen, eta konturatzen erregimenak ez duela berebiziko erreformarik egiteko asmorik; horregatik hainbat estatuk eskatu egin diote erregimenari siriarrak hiltzeari utz diezaion eta manifestazio baketsuak egiten utz dezan.
Nola lan egiten dute giza eskubideen aldeko taldeek Sirian?
Gobernuak ez die baimenik eman giza eskubideen aldeko erakundeei herrialdearen barruan lan egin dezaten. Atzerritik lan egiten dugu denok. Herrialdean dauden ekintzaileek eta manifestariek ematen digute informazioa, eta horixe banatzen ahalegintzen gara komunikabide guztiei.
Zer egiten duzue giza eskubideen ekintzaileek jaioterritik kanpo?
Lobby lanak berebiziko garrantzia du orain. Mendebaldeko 48 gobernu ari gara estu hartzen, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak bilera berezi bat antola diezagun Genevan.
Nola antolatzen dituzte manifestazioak?
Oraingoz, ez daude oso ondo antolatuta; ostiralero biltzen hasi ziren, baina jada egunero elkarretaratzen dira. Kontua da sare sozialen bidez komunikatzen direla elkarren artean, eta, toki askotan, erregimenak kendu egin du Internet.
Dara hirian hasi ziren protestak, baina berehala zabaldu dira herrialde osora...
Manifestazioak hiri handietara hedatu dira, hala nola Homsera, Alepora eta Damaskora. Egipton gertatutakoa gertatzen ari da. Manifestariak ez dira ideologia bakar eta jakin baten ordezkari, eta ez dute lider jakin bat ere buruzagi. Erregimenak protestak geldiarazi nahi baldin baditu, atxilotu egin beharko ditu manifestari horiek; guzti-guztiak.
Protestak hasi zirenetik zenbat lagun hil dira?
230 pertsona; gehienak, Daran, Baniasen, Latakian eta Homsen.
Protestak herrialde arabiarretan. Raduan Ziade. Giza Eskubideen Damaskoko Zentroko zuzendaria
«Demokrazia ezartzea beste aukerarik ez daukate Sirian»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu