Khaled Said Egiptoko Poliziaren eskuetan hil zen, iragan ekainean, Alexandrian. Ustez drogarekin trafikatzen ari ziren bi poliziari argazkiak atera zizkien, eta bere blogean paratu zituen. Horiek atzetik joan eta hil arte kolpatu zuten. Interneten jarritakoak, ordea, mundu zabalean ikusi dira. Said iraultza honetako aurreneko martiria dela esan daiteke; Tahrir plazan erruz ikus zitekeen azken egunotan haren argazkia, eta haren heriotzarekin piztu ziren manifestazioak oraingo iraultzaren abiapuntua izan ziren.
«Denok gara Khaled Said». Ahmed Salamaren hitzak dira horiek. Apirilaren 6ko mugimenduko kidea da, eta protestetan atxilotu zuten. Zortzi orduz izan zuten eskuak loturik, odol zirkulaziorik gabe gelditu zen arte. «Etengabe iraindu gintuzten, eta hiltzeko mehatxua ere egin ziguten; askotariko akusazioak egin zizkiguten, eta egia ez zena esatea nahi zuten». Hiltzeko beldurrik ez zuela aitortu du, hala ere: «Khaled Shaiden heriotza ez baita alferrikakoa izan».
«Egunero torturatzen da»
Tahrir plazako protestetan zenbat lagun hil, zauritu eta atxilotu zituzten jakiterik ez dago. Giza eskubideen erakundeak ikerketak egiten ari dira, baina lana nekeza da. Manifestarien Defentsarako Frontea eratu dute, horregatik, gobernuz kanpoko 32 erakundek. Rami Raufek azaldu duenez, atxilotutako lagun gehienak ostiralean askatu zituzten, baina oraindik asko daude kartzeletan: «Desagertatuta daudenen senideak edo lagunak guregana etortzen direnean pertsonaren izen-abizenak eta nortasun zenbakia jaso eta bilatzeari ekiten diogu; kartzela, polizia etxe eta ospitaleetara joan eta haren arrastorik ez badugu, fiskal nagusiarengana jotzen dugu».
Amnesty International eta HRW Human Rights Watch erakundeak ere lan taldera elkartu dira. Medikuak, psikologoak, psikiatrak eta abokatuak ari dira elkarlanean biktimei aholkularitza eta babesa emate aldera. Mona Hamid Nadim zentroko kidea da, eta polizia etxe guztietan tortura kasuak aurkitu dituztela dio: «Egunero gertatzen dira torturak. Edozein pertsona izan daiteke torturatua herri honetan inongo arrazoirik gabe. Hamar urte daramatzat eremu honetan lanean, eta urtetik urtera okerragoa da». Urtean 50 tortura salaketa jasotzen dituztela dio, baina askok, beldurra tarteko, salatu ere ez dute egiten: «Beldur hori amai dadin borrokatu behar dugu, baina baita lekukoek hitz egin dezaten eta fiskalek salaketak onar ditzaten. Probak aurkeztea zaila izaten da, mediku edo forentseen txostenek ez baitituzte lesioak jasotzen».
HRW erakundeak manifestazioetan baliatutako indarkeriaren ikerketa «sakona eta gardena» eskatu dio armadari. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere dei horrekin bat egin du, eta atxilotutako lagunak berehala askatzeko eskatu dio armadari. Joe Stork HRWeko Afrika eta Ekialde Hurbilerako zuzendari albokoaren hitzetan, diktadurak protestak geldiarazteko baliatu zuen jazarpena: «Tahrik plazako gazteak jasotzen ari ziren sostengua ahuldu nahi izan zuten horrela agintariek».
Gazteak ez ezik, baina, giza eskubideen ekintzaileak ere atxilotu zituzten. Ahmed Seif al Islma HMLC Hosni Mubarak Zentro Juridikoko sortzailea da, eta erakundearen egoitzan bertan atxilotu zuten: «Otsailaren 3ko arratsaldean etorri ziren, eta base militar batera eraman gintuzten; Medinat Nasserrera. Korridore batean egon ginen ez dakit zenbat orduz, ziega guztiak beteta baitzeuden. Egun eta erdi egon ginen inkomunikatuta eta bilurrak ipinita, eta galdeketa egin ostean askatu gintuzten. Gu ez gintuzten torturatu, baina oihuak eta kolpeak entzun genituen».
Aholkularitzarako zentroa
Taukikija kalean du egoitza haren zentroak, eta plazatik gertu dago. Orotara giza eskubideen 30 ekintzaile eraman zituzten egun horretan. Essam Eshrak aholku bila jo du zentrora. Protestak hasi eta hiru egunera atxilotu zuten; Amorruaren Egunean. Suezerako errepideko kartzela batera eraman, eta ziega batean eduki zuten iragan ostiralera arte. Hosni Mubarakek agintea utzi eta egun berean askatu zuten, beste 750 lagunekin batera.
Kartzelan 1.500 eta 2.000 lagun artean zeudela dio. «Pilatuta geunden presoak, hogei lagun inguru geuden ziega bakoitzean, eta batzuk autobus eta autoetan eduki zituzten, ez baikinen denak sartzen». Talde islamistentzat lanean aritzeaz akusatu zuten, baina gerora salbuespen egoera urratu izana baino ez zioten leporatu: «Akusazio gogorragoak jaso zituztenak oraindik barruan daude. Eta ez dago jakiterik zenbat diren, militarrek ere ez baitzuten denen izen-abizenak jasotzeko tarterik izan». Kartzelaren atarian zeuden soldaduek eskuetan zazpi edo zortzi orri zituztela gogoratzen du, eta horietako bakoitzean 40 bat lagunen izenak zeudela idatzita.
Protestak herrialde arabiarretan
«Denok gara Khaled Said»
Tahrir plazako protestetan zenbat lagun hil, zauritu eta atxilotu zituzten ez dago jakiterik; batzuk desagertuta daudeGertatutakoa ikertzeari ekin diote gobernuz kanpoko 32 erakundek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu