Desagertu ugari daude Salomon Uharteetan, itsasikarengatik

10 metroko tsunami batek alarma piztu du; gutxienez 15 pertsona hil dira olatuaren ondorioz

2007ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Salomon Uharteak atzo astindu zituzten Richter eskalako 8'1,6'7 eta 6'4 graduko hiru itsasikararen ondorioz, gutxienez 15 pertsona hil direla jakinarazi dute agintariek. Alabaina, Gobernuko eledunen esanetan, baliteke biktima gehiago egotea, pertsona asko desagertuta daudelako. Hala, bi egun igaro arte biktima eta kalte kopuruen gaineko informazio zehatza ez dute izango. Itsasikararik indartsuenak eragindako tsunamia zela eta Ozeano Bareko hainbat estatutan alerta egoera ezarri zuten hasieran, baina bederatzi ordutara kendu egin zuten. Australiako ekialdeko kostako hondartzak itxi zituzten, eta jendeak handik ihes egin zuen, 2004ko abenduaren 26an ehunka mila pertsona hil zituen tsunamia errepikatuko ote zen beldur.

Itsasikararik handiena 06:40an (21:40, Euskal Herrian) gertatu zen, Georgia Berriko Uharteetatik 45 kilometro ekialdera, Salomon Uharteetako hiriburu Honiaratik 485 kilometro mendebaldera. 10 kilometroko sakoneran gertatu zen epizentroa.

Seismoen ondoren Salomon Uharteak, Papua Ginea Berria, Vanuatu, Nauru, Kaledonia Berria, Indonesia, Tuvalu, Kiribati eta Marshall Uharteetan alarmak piztu zituzten, baita Australiako zein Japoniako ipar-ekialdean ere.

Epizentro nagusitik hurbilen dauden hirietan, Gizo, Lefung eta Taron, olatu erraldoi bat sortu zen, eta horrek zenbait tokitan 10 metroko garaiera hartu zuen. Tsunamiak hango kostaldeko etxe guztiak suntsitu zituela azaldu zuen Gizoko herritar batek.

Gobernuaren arabera, olatu erraldoiak milaka milioi dolarreko kalteak eragin ditu, Gizo, Salomon Uharteetako bigarren hiria, turismo gune garrantzitsua baita.

Uharteetako Mendebaldeko probintziako gobernuburu Alex Lokopiok jakinarazi duenez, eskualdeak larrialdiko hornikuntza behar du, Gizon 3.000 eta 4.000 pertsona inguru geratu baitira etxebizitzarik gabe. Hain justu, Gizo da gunerik kaltetuena.

«Gure biziak salbatzeko korrika atera ginen, olatuetatik ihesi», azaldu zuen Gizoko lehen hezkuntzako eskolako irakasle Arnold Pidakerek. «Atzera begiratu genuenean gure etxea suntsitzen ikusi genuen. Muinoetako eraikin batzuek ere kaltetu ditu itsasikarak». Zehaztu zuenez, hainbat ume desagertuta daude, eta herritarrek elikagaiak eta bereziki ura behar dute, ur tankeak hautsita geratu baitira. «Ez dugu laguntza medikurik, eta ez dugu inolako laguntzarik jaso», kexatu zen atzo.

Solomon Star egunkariko editore Robert Irogaren hitzetan, hildakoen kopurua handiagoa izan daiteke, herrialdearen mendebaldetik hainbat pertsonak egindako deietan esaten baitzuten ikusi zutela urek pertsona asko eraman zituztela.

Mendebaldean dagoen Taro uharteko agintariek tsunamia agertu aitzin ateraraziak zituzten hango biztanleak, leku garaiagoetara eramateko. Hala, badirudi uharte horretan ez dela biktimarik izan.

Horiek horrela, agintariek ez dituzte oraindik tsunamiak eragindako kalteak zehaztu, eta ez dago argi eskualdean larrialdi egoera ezarriko duten edo ez.

Alarmak Ozeano Pazifikoko beste herrialde batzuei ere eragin zien, eta Australiako mendebaldean dagoen Queensland estatuan alerta egoeran egon ziren. Hango Meteorologia Bulegoak ohartarazi zuen bazitekeela tsunamia Cooktown hiriraino iristea, eta Cairns, Gladstone eta Mackay hiriak ere jotzea. Agintariek hainbat herri eta hiri hustu zituzten, eta Queensland zein Hegoaldeko Gales Berriko hondartzak itxi zituzten.



ERRUSIAREN UHARTE BATEAN ERE. Ozeano Barean, baina Japoniatik gertu, 4'9 graduko lurrikara batek Errusiako Iturup uhartea astindu zuen, Kuriletako artxipelagoan, Errusiako Larrialdi Egoeretarako Ministerioaren esanetan. Epizentroa uhartearen hegoaldean gertatu zen, Kurilsk hiritik 135 kilometrora. Halarik ere, seismoak ez zuen biktimarik eragin, ezta tsunami-rik ere. Adituek uste dute Salomon Uharteak astindu dituen itsasikararik handienaren errepika izan daitekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.