Bucharaia Beiun. Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkaria

«Desagertutako lagunak hilda daudela pentsatu besterik ez zaigu gelditzen»

2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Marokok komunikazio denak eten dituelako, ezin izan da azken orduetan Aaiungo lagunekin harremanetan jarri. Bucharaia Beiunek (Auserd, 1956), Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak, hipotesi okerrenean sinesten du dagoeneko: desagertutako sahararrak hobi komunetan ari da lurperatzen Maroko.

Ba al duzu Aaiunen une honetan gertatzen ari denaren berri?

Ez dakigu gauza askorik. Harremanetan ginen Aaiungo sahararrekin, baina dagoeneko ia denak eraman dituzte, eta ez dugu norekin hitz egin. Gaur [atzo] ezin izan gara inorekin harremanetan jarri. Dakiguna da hiriburua setiatuta dagoela; armadak eta Poliziak hartua dutela. Maroko garbiketa etnikoa ari da egiten, eta sahararrekin zerikusia duen guztia paretik kentzeko ahaleginean dabil. Sahararron nortasuna desagerrarazi nahi du, kosta ala kosta. Etxez etxe susmagarrien bila ari dira, etorkizunean arazoak eragingo dizkion edonor preso hartzeko. Beretzat kasurik zailenak direnak Marokoko iparraldeko kartzeletara eraman ditu, eta gainontzekoak Aaiungo espetxeetan daude.

Biktimen kopuruari dagokion datu zehatzagorik baduzue?

Ez dugu datu zehatzik, baina badakigu milaka saharar atxilotu dituztela. Milaka lagun galdekatu dituzte azken egunetan. Hildakoei dagokienez, hemeretzi lagunen heriotza besterik ezin dugu baieztatu; gehiago badira ere, segur aski zail izango da jakitea. Izan ere, desagerrarazi dituzten 160 saharar horien berririk ez da oraindik; eta dagoeneko agertu ez badira, hilda daudela pentsatu besterik ez zaigu gelditzen.

Agdaim Izik kanpalekuaren aurkako erasotik ez duzue desagertutakoen berririk izan?

Militarrak kanpalekura sartu zirenean, Aaiunera ihesean hasi ziren denak, ahal zuten moduan eta ahal zuten azkarren. Ihesaldian zihoazen asko ez ziren etxera iritsi ordea; jendeak dio Aaiunera bidean hil zituztela. Baina hiriburuan inork ezin duenez etxetik atera, inork ezin duenez bizilagunengana joan, kalera irten... ezinezkoa da ziur zer gertatu den jakitea. Ausartu direnek salatu dute, baina, toki susmagarrietan militarren kamioiak ikusi dituztela eta hobi komunak ari direla egiten. Horregatik uste dugu falta den jendehori guztia hilda dagoela.

Hildako sahararrak hobi komunetan lurperatzen ari dira, hortaz?

Jendeak Aaiunen eta kanpalekuaren artean zuloak egiten ikusi ditu militarrak. Hainbat saharar ausartu dira gauez inguru haietara hurbiltzen, baina han sumatu dituztenean, tiroka hasi zaizkie. Ez diote inori utzi nahi hara hurbiltzen.

Zer gerta daiteke datozen egunetan?

Ez dira gauzak asko aldatuko; Marokok garbiketa etnikoarekin jarraituko du, eta aurrean topatzen duen edonor atxilotzen... Eta, bitartean, nazioarteari salduko dio dena normal dagoela eta ez dela ezer pasatzen ari. 1975eko genozidioarekin bezala gertatuko da. Inork ez dizkio egindakoagatik kontuak eskatuko.

Horregatik, gerraz ari dira asko...

Gerra hotsak sekula baino ozenago entzuten ditugu. Izan ere, su-etena adostu genuenetik, ez dugu sahararrok neurri honetako erasorik sufritu. Marokok su-eten akordioa urratu du; tropak bidali ditu, eta indarra erabili du kanpalekua txikitzeko. Eta hori dena egin badu ere, NBEk ez du zirkinik egin. Baina sarraskia gelditu eta gertatutakoa argitzeko, nazioartearen laguntza beharko dugu. Eta sahararrok benetan nahi dugu NBEk neurri irmoak hartzea eta hitz hutsalak behingoz albo batera uztea. Gainontzean ez gara fidatuko gehiago; izan ere, erreferenduma bermatzeko misioa behar zuenak okupazioa legitimatzeko misio bihurtu da. Hori aldatzen ez bada, herri sahararrak legezko bide denak urratuko ditu, eta irtenbide horien artean da berriro armak hartzearena. Nazioartea geldirik geratzen bada, Fronte Polisarioak erabaki bat hartu beharko du.

Zer iruditu zaizkizu Espainiako gobernuburuak esandakoak?

Marokok kanpalekuari eraso egin zionetik gaur arte Espainiak adierazpen kontraesankorrak, anbiguoak eta nahasiak egin ditu. Eta halako adierazpenekin ez du jendea nahastu besterik egin. Gaur [atzo] arratsaldean bertan adierazpen ezin luzeagoak egin ditu Trinidad Jimenez Atzerri ministroak. Finean, baina, horrek eta gobernuburuak esandakoa gauza bera dira. Jarrera inkoherentea hartu dute; ez dute ezer argirik esan. Baina horren gainetik, Maroko lagun eta aliatu estrategiko duela agertu nahi izan du Espainiako Gobernuak. Dena dela, mezu inkoherenteak eta kontraesankorrak eman ordez, nahiago dugu bere jarrera zein den argitzea, nahiz eta Mendebaldeko Sahararen aurkakoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.